Mundua -

Serguei Skripal

Espioi ohia Errusiak pozoitu zuela uste du Erresuma Batuak

Mayk asteazkenera arte eman dio Kremlini azalpen 'sinesgarri' bat emateko. Errusiak substantziaren lagin bat emateko eskatu dio Londresi.

Indar armatu britainiarrak, Skripal garraiatu zuen anbulantzia miatzen. EFE
Indar armatu britainiarrak, Skripal garraiatu zuen anbulantzia miatzen. EFE
Indar armatu britainiarrak, Skripal garraiatu zuen anbulantzia miatzen. EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argi hitz egin du Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak: "Litekeena da Errusiak Serguei Skripal espioi ohia pozoitu izana". Are, baieztatzekotan, Erresuma Batuaren kontrako "eraso" moduan hartuko dutela nabarmendu du.

Hala, asteazkenera arte epea eman dio Mayk Kremlini auziaren inguruko azalpen "sinesgarri" bat emateko. Erantzunik egon ezean, "Errusiako Estatuak Erresuma Batuaren kontra egindako indarkeria erabilera legez kontrakotzat joko dugu", esan du lehen ministroak.

Mayk segurtasun agentzia britainiarreko arduradun nagusiekin bilera eduki zuen astelehenean, eta auziaren inguruko azken xehetasunak eman zituen gero Parlamentuan. Azaldu zuenez, 66 urteko espioi errusiar ohia eta 33 urteko alaba oso larri daude jatorri militarreko substantzia bat arnastu ostean. Erasoa martxoaren 4an jazo zen, Salisbury (Ingalaterra hegoaldea) herriko jatetxe batean.

Erresuma Batuko Armadako adituek ebatzi dutenez, Novichok motakoa izan zen erabilitako substantzia. Errusiak iraganean egindako substantzia kimiko bat da, "gaur egun ere egiten jarrai dezakeena", Mayren hitzetan.

Pozoitzearen inguruan beste aukera bat ere badutela aitortu du Mayk: Errusiak sustantziaren kontrola galdu eta pertsona ezegokien esku geratu izana.

SERGEI SKRIPAL JATETXE Salisbury

Skripal zerraldo jausi zen Salisburyko jatetxea hesitu dute. Argazkia: EFE

Substantzia kimikoaren lagin bat eskatu dio Errusiak Erresuma Batuari

Serguei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Mayren agerraldiaren biharamunean. Errusiak auzian zerikusirik ez duela berretsi du, eta hori pentsatzea "zentzugabekeria" bat dela. Iragarri duenez, Erresuma Batuko enbaxadorearekin bilera eskatu dute, euren "ezinegona" adierazteko.

Horrez gain, Londresi substantzia kimikoaren lagin bat emateko eskatu dio: "Erresuma Batua, Errusia bezala, Arma Kimikoen Debekurako Konbentziorako kide da. Hori horrela, bere egitekoa da berehala substantzia horren lagin bat bidaltzea".

SERGUEI LAVROV RUSIA EXTERIORES

Lavrov, gaurko agerraldian. Argazkia: EFE

Skripal Errusiako Inteligentzia Militarraren koronel ohia da, eta 13 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2006an, Erresuma Batuarentzat espioitza lanak egiteagatik. Antza denez, Europan dauden Errusiako talde batzuen inguruko informazioa eman zuen, 100.000 bat dolarren truke.

2010ean geratu eta Erresuma Batura joan zen. Egunkari britainiarren esanetan, Erresuma Batuko segurtasun indarrekin harremanetan izan da ordudanik.

SERGEI SKRIPAL EXESPIA RUSO

Skripal, 2006ko argazki batean. EFE

AEBk ere Errusia jo du erantzule

Erresuma Batuak egindako ikerketa balekotzat jo du Rex Tillerson AEBko Estatu idazkariak, eta Errusia egin du Skripalen egoeraren erantzule.

"Sinesgarritasun osoa ematen diogu Erresuma Batuak egin duen ikerketari eta gure ustez ere Errusia izan da Salisburyn egindako erasoaren erantzule", adierazi du Tillersonek ohar batean.

"Ukrainan, Sirian eta orain, Erresuma Batuan. Munduan dagoen ezegonkortasunaren arduradun izaten jarraitzen du Errusiak, gainerako estatuen subiranotasunari eta herritarrei mesprezu erakusten jarraitzen du", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Errusia albisteak Delituak argazkiak Erresuma Batua Gaurko azken ordukoa Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren azken ordukoa Ingalaterra azken ordukoa Espioitza