Mundua -
AEBen arabera
Haitiko kolera izurriteak 'kasu bakarrean' du jatorria
Haitin zabaldu den kolera pandemia duela 49 urte Sualwesin (Indonesia) hasi zela azaldu du Gaixotasunen Kontrolerako Zentroek (CDC) egindako azterketa batek.
Erredakzioa
Haitin 1.000 hildako baino gehiago utzi dituen kolera izurriteak "kasu bakarrean" du jatorria, Amerikako Estatu Batuetako Gaixotasunen Kontrolerako Zentroek (CDC) egindako ikerketa baten emaitzek gaur azaldu dutenez.
Lehen gaixoak beherako eta deshidratazioarekin urriaren 19an sartu zituzten Artiboniteko bost ospitaletan, Haitiko erdialdean, eta hiru egun geroago laborategietako azterketek Vibrio cholerae bakteria antzeman zuten, AEBetako agentziak adierazi duenez.
Ogawa 01 taldeko V cholerae bakteriak bakartu dituzte Haitiko Osasun Publikoko Laborategi Nazionalak egindako azterketek eta "Artiboniteko departamentuko 14 lagunen gaixotasuna andui bakarrak" sortu zuela demostratu dute ikerketa genetikoek, CDCren hitzetan.
Elikagai batek
"Kolera herrialdean pertsona bakarrak sartu zuela ez du esan nahi horrek, Haitira heldutako elikagai bat izan daiteke erruduna", esan du Donna Eberwine Villgran Osasunaren Erakunde Panamerikarreko (OPS) bozeramaileak.
Haitin zabaldu den kolera pandemia duela 49 urte Sualwesin (Indonesia) hasi zela azaldu du CDCren txostenak. Beste pandemiek baino hedapen handiagoa eta iraupen luzeagoa izan du izurrite horrek.
Bestalde, kolerari emandako erantzuna "desegokia" izan dela adierazi du Mugarik Gabeko Medikuak (MGM) erakundeak, nahiz eta nazioarteko erakunde ugari uhartean izan.