Mundua -
Uber
Gidaririk gabeko auto batek pertsona bat hil du aurrenekoz, Arizonan (AEB)
Biktima harrapatu duen unean ibilgailua modu autonomoan zihoan, nahiz eta pertsona bat pilotuaren tokian eserita joan.
Agentziak | Erredakzioa
Uber garraio konpainiako auto autonomo batek emakume bat harrapatu eta hil zuen Tempen (Arizona), igande gauean, Phoenixeko (AEB) auzo horretako Poliziak gaur jakitera eman duenez.
Bertako Polizia ezbeharra ikertzen ari da. Lehen informazioen arabera, gidaririk gabeko ibilgailuak emakumea harrapatu du, biktima oinezkoen pasabidetik kanpo kalea zeharkatzen ari zenean.
Biktima gertuko ospitale batera eraman zuten, baina bertan hil egin zen zauri larrien ondorioz, Poliziak agiri batean azaldu duenez. Biktima harrapatu duen unean ibilgailua modu autonomoan zihoan, nahiz eta pertsona bat pilotuaren tokian eserita joan.
Ikerketa
Uberrek Twitter sare sozialean adierazi duenez, zabalik jarraitzen duen ikerketan laguntzen ari dira eta biktimaren senideei doluminak eman dizkiote.
Bertako komunikabideek jakinarazi dutenez, gertakariaren ondoren, Arizonako errepideetatik mota honetako ibilgailuak kentzea erabaki du Uberrek, baita San Frantzisko (Kalifornia), Pittsburgheko (Pennsylvania) eta Torontoko (Kanada) kaleetatik ere.
Duela urtebete baino gehiago gidaririk gabeko ibilgailuekin probak berriz abiatu zituen konpainiak, aldez aurretik Arizonan gertatutako beste istripu batengatik bertan behera geratu ondoren.
Autoaren aurrealdeko sentsoreek eta kamerek zalantzak sortu zituzten orduan, azkarrago erantzun behar baitzuten, ezbeharrean inplikatutako beste ibilgailuaren mugimenduak garaiz antzemateko.
Tempe eta Scottsdale hirietan, Uberren bezeroek Volvo XC90 gidaririk gabeko ibilgailua alokatzeko aukera dute, baina programak proba fasean jarraitzen duenez, konpainiako langile batek autoaren aurrealdean joan behar du.