Mundua -
Ezbeharra Kanbodian
Gutxienez 378 pertsona hil dira Kanbodian, ihesaldi batean
Bi milioi lagun inguru zeuden Uraren Jaialdia ospatzen Kanbodiako hiriburuan ezbeharra gertatu denean. Biktima gehienak zubi batean harrapatuta gelditu diren gazteak dira.
Erredakzioa
Gutxienez 378 lagun hil dira eta beste 775 zauritu dira Phnom Penh-etik (Kanbodiako hiriburuan) gertuko zubi batean izandako ihesaldi batean. Hun Sen lehen ministroak jakinarazi duenez, Uraren Jaialdia ospatzen zeuden ezbeharra gertatu denean.
Lehen ministroak barkamena eskatu du eta ikerketa bat martxan jarriko dutela agindu du. "31 urtetan, Pol Poten erregimenaren ondoren, izan den hondamendi larriena da", adierazi du. 1,7 milioi pertsona inguru hil ziren Pol Poten erregimen maoistaren errepresioaren ondorioz, 1975-1979 urteen artean.
Biktima gehienak zubi batean harrapatuak gelditu dira.
Larrialdietarako zerbitzuen arabera, jende ugari uretara bota da zapalduta ez izateko.
Ihesaldia Tonle Sap aintzira zeharkatzen duen zubian gertatu da. Hiriburua Diamond uhartearekin lotzen du zubi horrek. Antza denez, zenbait lagun elektrokutatu dira. Biktima gehienak zanpatuta edo lakuan itota hil dira, izan ere, Bon Om Touk jaialdiaren azken eta hirugarren eguna ospatzera joanak ziren bertara.
Aginteen arabera, bi milioi lagun bildu dira Diamante izeneko irlan hiru egun irauten duen jaialdia ospatzeko. Tonle Sap ibaiaren inguruan biltzen dira urtero urari omenaldia egiteko eta montzoien epeari agur esateko.
Barkamena
Tragedia dela eta barkamenak eskatu ditu Hun Sen lehen ministroak telebistan: "Pol Poten 31 urteko erregimenean izan den tragediarik handiena", Jemere Gorrien buruzagiari erreferentzia eginez. Ikerketa bat abian jarriko dutela iragarri du Exekutiboko buruzagiak.
Gutxienez 240 hildako emakumezkoak direla azaldu du Estatuko telebistak. Bien bitartean, kaos egoera baten irudiak ematen ari dira komunikabideak, bertan pilatutako gorpuak ikus daitezkeelarik, eta baita biktimen senideak negarrez ere.