Mundua -
Erretiroa
Dalai Lamak dimititu egingo du sei hilabete barru
Bere ondorengotzan ez inplikatzeko "erabateko demokrazia" beharrezkoa dela argudiatu du buruzagi budistak, eta "giza eskubideen, bakearen eta armoniaren balioak sustatzeko" konpromisoa hartu du.
Erredakzioa
Bere ondorengotza sei hilabeteko epean erbesteko Parlamentuan planteatuko duela iragarri du Dalai Lama tibetarren buruzagi espiritualak. Parlamentuak "gutxi geroago" erabakiko duela azaldu du buruzagi budistak.
Indiako telebista batean, bere ondorengotzan ez inplikatzeko "erabateko demokrazia" beharrezkoa dela argudiatu du 75 urteko buruzagi budistak, eta "giza eskubideen, bakearen eta armoniaren balioak sustatzeko" konpromisoa hartu du. "Lehenengo eztabaidatu beharra dut, Tibeteko Parlamentuko kideei jakinarazteko", erantsi du.
Eztabaidak hauteskundeen ostean hasiko dira seguruenik. Bozketa 2011ko martxoan egitea espero dute. Hauteskunde horietarako 80.000 lagunek izen eman dute munduko toki ezberdinetan, besteak beste, Nepal, India, Bhutan, AEB, Australia eta Europako herrialdeetan, The Guardian Britainia Handiko egunkariak jakitera eman duenez.
Tenzin Gyatso Dalai Lamak (historiako hamalaugarrena) monje xehe bat bezala bizi nahi duela esan du behin baino gehiagotan, politikan duen inplikazio zuzena utziz.
Iragan astean, New Delhin egindako konferentzia batean, bera azken Dalai Lama izatea posible dela adierazi zuen buruzagiak. Erakundea erabilgarria izan da mendeetan zehar, baina herritarrek horrela erabakitzen baldin badute betiko ez dela zertan izan behar erantsi zuen Dalai Lamak. "Gauzak aldatzen dira", onartu zuen, baina epe laburrera aldaketak espero ez direla azaldu zuen. Honenbestez, Dalai Lama berri bat aukeratuko dute.