Mundua -

ESKANDALUA FRANTZIAN

Ustelkeriagatik eta influentzia-trafikoagatik epaituko dute Sarkozy

Bera nahastuta zegoen kasu bati buruzko informazioa lortzearen truke, magistratu bati Monakon goi-kargu bat agintzea leporatzen diote Frantziako presidente ohiari.

Nicolas Sarkozy, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.
Nicolas Sarkozy. Argazkia: EFE.
Nicolas Sarkozy, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia epaituko du herrialde horretako Auzitegi Korrekzionalak, ustelkeria eta influentzia-trafikoa egotzita, 'entzuketen kasu' sonatua dela eta.

Le monde egunkariak jakitera eman duenez, Sarkozyrekin batera,  Thierry Herzog abokatua eta Gilbert Azibert magistratu ohia ere eseriko dira akusatuen aulkian.

Frantziako Finantza gaietarako Fiskaltzak 2016an amaitu zuen Sarkozyri egindako entzuketen harira zabaldutako ikerketa, baina prozesua asko luzatu da, aldeek jarritako helegiteen ondorioz. Instrukzioa gidatu duten epaileek gaur sinatu dute epaiketa abiarazteko erabakia, eta horri ere helegitea jartzeko aukera izango dute auzipetuek.

2007ko hauteskunde kanpainan, Sarkozyk Libiako erregimenaren finantzazioa jasotzen ari zitekeela eta, epaileek presidente frantziarraren telefonoa zelatatzeko agindua eman zuten. Hain zuzen, pasa den astean inputatu zuten Sarkozy, 2007ko kanpaina Gadafiren diruarekin ordaintzeagatik.

Entzuketa horietan baina, delitu zantzuak zituzten beste elkarrizketa batzuk ere jaso zituzten epaileek.

Sarkozy eta bere abokatuaren arteko elkarrizketak dira. Liliane Bettencourt L’Oreal konpainia handiaren oinordekoak Sarkozyren 2012ko kanpaina legez kanpo finantzatu ote zuen ikertzeko irekitako beste sumario bateko sekretupeko informazioa eskuratzen ahalegindu zen Frantziako presidente ohia Azibert epailearen bidez.

Elkarrizketa horietako batzuk komunikabideetan publikatu ziren. Auzitegi Gorenak auzi horretan eman behar zuen epaian eraginez gero, Monakon kargu bat lortuko ziola agindu omen zion Sarkozyk epaileari.

2016ko martxoan, Auzitegi Gorenak Sarkozyri egindako entzuketa gehienak frogatzat onartu zituen eta horrek ahalbidetu du kasua epaiketan amaitzea.

2012ko hauteskunde-kanpaina ustez legez kanpo finantzatu izanagatik beste epaiketa bat ere izango du Sarkozyk. Kanpaina batean gehienez gastatu daitekeen zenbatekoa gainditzeko asmoz, fakturak faltsutu izana leporatzen diote.

Akusazioaren arabera, 42,8 milioi euro xahutu zituen, gehienez 22,5 milioi euro gastatu daitezkeenean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia bideoak Eguneko albisteak