Mundua -
GERRA SIRIAN
6.400 pertsona atera dituzte azken orduetan Ekialdeko Ghoutatik
125 autobusez osatutako taldea Idleb probintziara doa. Siriako Nazioarteko Behatokiak emandako datuen arabera, 43.400 pertsona eraman dituzte azken egunetan Ghoutatik Idlebera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
6.400 pertsona, tartean Siriako talde matxinoetako 1.500 kide eta euren familiak, atera dituzte azken orduetan Ekialdeko Ghoutatik -Damasko hiriburutik oso gertu dagoen ingurutik- Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakitera eman duenez.
125 kamioitan atera dituzte pertsona horiek guztiak, iparraldean dagoen Idleb probintziara eramateko. Ebakuazio horiekin jada 43.400 pertsona atera dituzte gerra inguru horretatik, Behatokiaren esanetan. Talde islamisten eta Siriarako Gobernuaren aliatu den Rusiaren arteko akordiori esker egin ahal izan dira ebakuazioak.
GKE horrek jakitera eman dutenez, gainera, autobus gehiago sartu dira gaur Arbin herrian, handik ere jendea ateratzeko hurrengo orduetan.
Errusiarrek emandako datuen arabera, berriz, 150.000 dira jada ebakuatutako pertsonak.
"Bost orduko geldialdi humanitarioak"
Otsailaren 27an 30 eguneko su-eten humanitarioa ezarri zuen Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Ghoutan harrapatutako pertsonak ateratzeko, baina su-eten hori ez da errespetatu. Ondoren, Errusiak egunean "bost orduko geldialdi humanitarioak" ezarrri zituen eta horiek ere ez dira beti errespetatu.
Al Assaden Gobernuak setiatuta izan du Ghouta bost urtez, eta etengabeko erasoak egiten ari da azken hilabetean.
Martxoaren 15ean 7 urte bete zituen Siriako gerrak.