Mundua -

Krisia bi Koreen artean

Ipar Koreak ohartarazi du 'gerraren atarian' daudela

- AEBek eta Hego Koreak ariketa militarrekin jarraitzea erabaki dute, eta Piongiangek "probokazio"tzat jo du.

- Bi zibil hilik aurkitu dituzte Ipar Koreak bonbardatutako uhartean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Koreako agintariek bi zibilen gorpuak topatu dituzte atzo Ipar Koreak bonbardatutako uhartean, hondakinen artean, Poliziak jakinarazi duenez.

Dagoeneko lau dira erasoaren ondorioz hildakoak (beste biak militar hegokorearrak ziren). Halaber, 18 pertsona zauritu ziren, horietako bost, larri.

Bestalde, Barack Obama eta Lee Myung Bak AEBetako eta Hego Koreako presidenteek ariketa militarrekin jarraitzea erabaki dute bart.

Hori horrela, Reuters agentziak jakinarazi duenez, AEBek USS Washington hegazkin-ontzi nuklearra bidali dute Hego Koreako penintsulako kostaldera. Ontzi militarra Japonian zegoen, eta 75 hegazkinetarako espazioa dauka.

Telefonoz izandako solasaldi batean, Obamak AEBen laguntza eskaini dio Lee presidenteari: "AEBek konpromiso irmoa daukate bere aliatua defendatzeko", esan dio, Etxe Zuriak igorritako agiri baten arabera.

Washingtonen esanetan, aipatu ariketa militarrek segurtasun arloan bi herrialdeek duten lankidetza indartzeko balioko dute.

Ipar Korea, "mehatxua"

Hego Koreako presidentearekin hitz egin baino ordu batzuk lehenago, Obamak elkarrizketa bat eskaini zuen ABC telebista-katean, eta Ipar Korea "mehatxua" dela esan zuen bertan. Dena dela, uko egin zion AEBek militarki esku-hartuko duten argitzeari.

Agintariaren hitzetan, gertatutakoa "azken hilabeteetan ikusitako probokazioetako beste bat" izan da.

Testuinguru horretan, AEBetako presidenteak Kim Jong Il diktadorearen aurkako presioa areagotzeko dei egin dio nazioarteari, batik bat Txinari, hots, Ipar Korearen aliatu nagusiari.

"Gerraren atarian"

Bere aldetik, Ipar Koreako Gobernuak ziurtatu du Seulen "probokazio" horiek "gerraren atarian" jarri dutela penintsula, KCNA agentziak publikatu duenez.

Aipatu iturrien arabera, Hego Koreak txartu egin ditu bi herrialdeen arteko harremana, "ariketa militar zuhurtziagabeekin" eta laguntza humanitarioa etenda.

"Politika oldarkor horrekin, Hego Korea harremanak hobetzeko prozesua porrotera eramaten ari da", kritikatu du Piongiangeko erregimenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea