Mundua -

Zortzi zauritu

29 lagun atxilotu dituzte ikasleen protestetan, Londresen

Hiriburuko toki ezberdinetan egindako manifestaldietan parte hartu dute milaka ikaslek. Matrikulen prezioak igo eta hezkuntzan murrizketak egin nahi ditu Gobernuak eta ikasleak kontra daude.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

29 lagun atxilotu dituzte Londresen izandako ikasleen protestetan, eta beste zortzi pertsona zauritu dira, Scotland Yardek eta zerbitzu medikuek emandako datuen arabera.

Zortzi lagun artatu behar izan dituzte larrialdi zerbitzuek, Anbulantzia Zerbitzuko bozeramaile batek jakitera eman duenez. Horietako hiru arin zauritu dira, baina ospitalera eraman behar izan dituzte.

Bestalde, hiriko Poliziak jakinarazi duenez, zortzi lagun atxilotu dituzte indarkeria erabiltzeagatik, lapurreta eta kalteengatik. Lau desordena publikoengatik atxilotu dituzte, bat lapurretagatik eta bi ustezko desordenengatik.

Hiriburuko toki ezberdinetan egindako manifestaldietan parte hartu dute milaka ikaslek. Matrikulen prezioak igo eta hezkuntzan murrizketak egin nahi ditu Gobernuak eta ikasleek erabaki horren aurka protesta egin dute.

Whitehall eta Trafalgar

Milaka ikasle bildu dira Whitehallen eta baita Trafalgar plazan ere, David Cameronen Gobernuaren egitasmoen aurka protesta egiteko. Zenbait tokitan Poliziarekin borrokatxoak izan dituzte ikasleek, izan ere, gazteak Poliziaren kordoia hausten saiatu dira zona horretan. Ikasleak Parlamentura eta Downing Street lehen ministroaren egoitzara heltzen saiatu dira.

Manchester, Liverpool, Sheffield, Bristol, Southampton, Oxford, Cambridge, Leeds, Newcastle, Bournemouth, Cardiff, Glasgow eta Edimburgon ere protestak izan dira.

Nahiz eta jendeak "protesta baketsu eta legal batean parte hartzeko eskubidea izan, indarkeriarentzako lekurik ez dago", salatu du lehen ministroaren bulegoko bozeramaile batek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea