Mundua -
23 pertsona hil dira
Armada tankeekin sartu da Rio de Janeiroko faveletan
Brasilgo Armada eta Polizia droga-trafikatzaileen aurkako borrokan ari dira. Hiria indarkeria olatu bat jasaten ari da igandetik.
Erredakzioa
Brasilgo poliziak Armadako sei tanke erabili ditu Vila Cruzeiro favelan sartzeko; izan ere, Rio de Janeiron beldurra eragiten ari duen talde kriminalak hamarna ibilgailu erre ditu azken egunotan.
Droga-trafikatzaileen menpe dauden faveletan bakea berrezartzeko 2007an Bakerako Polizia sortu zenetik, ibilgailu militarrak erabili dituzten lehen aldia izan da.
M113 tankeak erabili dituzte eta guda armak dituzte; militarrek gidatu arren, operazioa Poliziaren menpe dago, Gobernuak jakinarazi duenez.
Igandean hasitako liskarrekin bukatzea nahi dute agintariek; izan ere, 55 ibilgailu erre dituzte Rio de Janeiroko inguruetan.
Astelehenetik 28 faveletan egin dituzte miaketak; droga-saltzaile taldeen bila ari dira. Azken bost egunotan 23 lagun hil dira Poliziaren erantzunaren ondorioz.
Egunik bortitzena asteazkena izan zen, 15 ustezko pistoladun hil ziren liskarretan. Poliziak 31 lagun atxilotu zituen egun horretan, eta guztira, 159 lagun atxilotu dituzte.