Mundua -

Hegazkin-istripua

257 pertsona hil dira hegazkin militar batek Aljerren izandako istripuan

Gutxienez, Fronte Polisarioko 26 kide daude hildakoen artean.

Gaur istripua izan duen hegazkinaren modukoa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE
Gaur istripua izan duen hegazkinaren modukoa, artxiboko irudian. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 257 pertsona hil dira asteazken honetan Aljeriako hegazkin militar batek lurra jota, Boufarik base militarretik gertu, Aljerretik 25 kilometrora, bertako hedabideek Babes Zibileko iturriak aipatuz adierazi dutenez. Hildakoen artean, Fronte Polisarioko 26 saharar daude.

Iliushin 76 hegazkinak izan du istripua, tropak eramateko erabili ohi den horietako bat. Hegazkinak 08:00ak jotzear zirenean izan du istripua, Boufarik eta Blida lotzen dituen autobidetik gertu, aireportuaren ondoan, eta su hartu du berehala.

Larrialdietarako zerbitzuak zein Armadako talde batzuk bertaratu dira ezbeharra izan den lekura. Hegazkina Becharrera zihoan, herrialdeko hego-mendebaldera, militar batek esan duenez, APSren arabera.

Defentsa Ministerioak ohar bidez baieztatu duenez, hegazkinak Boufarik eta Bechar arteko bidea egin behar zuen eta base militarreko perimetroan, laborantza lurretan, lurra jo du. Gaineratu duenez, Defentsako Estatu Nagusiak ikerketa batzordea zabalduko du ezbeharraren zergatiak argitzeko.

Babes Zibileko zerbitzuen arabera, 257 dira hildakoak. Hala ere, ez du baztertzen hildako kopurua handitzea. Hildakoetako hamar tripulazioko kideak dira.

Erreskate lanetan 300 pertsona baino gehiago parte hartzen ari dira; babes zibila, anbulantziak, polizia eta soldaduak. Ez da lehen aldia Armadak halako ezbehar bat pairatzen duela.

2014an, 77 pertsona hil ziren Hercules C-130 hegazkin batek Oum el Bouaghi mendi gunean izan zuen istripuan, Aljerretik 500 kilometrora.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak