Mundua -
Gerra Sirian
Israelek Homseko base baten aurka misilak jaurti dituela salatu du Siriako Armadak
Armada israeldarrak ez du hitzik esan erasoaren inguruan, eta AEB bereizi dira. Bestalde, bihar helduko ikuskariak dira Dumara, eraso kimikoaren inguruan ikerketa egiteko.
agentziak
Siriako Armadak salatu duenez, Israelen Defentsa Indarrek hainbat misil jaurti dituzte Shairateko aireko basearen aurka, Homsen.
Aire Indar siriarrak ohar baten bidez zabaldu duenaren arabera, martxan jarri dira misilak antzemateko gailuak, eta, antza denez, ez dute xedea jo, dio Al Masdar News web guneak.
Siriako telebista publikoak misil baten irudia emititu du, gerora geldiarazi dutena, eta jaurtitako misil guztiak atzeman dituztela ziurtatu du. Baieztatuz gero, Israelek Homsen probintziaren aurka egindako bigarren erasoa litzateke.
Eriz Pahond Estatu Batuetako Defentsa Departamentuko bozeramalearen esanetan, ez dago "ekintza militar estatubatuarrik gune horretan". "Ez dugu zehaztasunik horren inguruan", gaineratu du.
2017an Shairateko aireko basearen aurka eraso egin zuten, gurutzaldi misilekin, Jan Sheijunen egindako eraso kimiko bati erantzunda.
Israel hainbatetan oldartu zaizkie Siriako instalazio militarrei, guda hasi zenetik. Asteleheneko erasoari dagokionez, indar israeldarren bozeramale batek esan du Armadak ez duela "horren moduko informazioaz hitz egiten".
Bestalde, Al Ahed Libanoko hedabidearen arabera, Siriako aireko defentsarako sistemak Dumair aireportu militarraren aurka jaurtitako hiru misil geldiarazi ditu, Ekialdeko Ghoutan. Halere, Siriako hedabideek ez dute erasoaren inguruan informaziorik eman.
Ikuskariak bihar helduko dira Dumara
Errusiako Gobernuak iragarri duenez, Arma Kimikoak Galarazteko Organizazioaren ikuskariak bihar helduko dira Duma hirira, apirilaren 7an izandako eraso kimikoa aztertzeko.
"Gaur goizean bilera egin da eta Dumara heltzeko bideak zehaztu dira. Bihar NBEren segurtasun zerbitzuak joango dira, polizia militarrarekin batera bidea aztertzeko. Asteazkenean aurreikusi da ikuskariak helduko direla", esan du Kririlovek.