Mundua -
EPAIKETA
20 urteko kartzela zigorra Salah Abdeslami, Bruselan izandako tiroketa batengatik
Tiroketa 2016ko martxoaren 15ean gertatu zen, Bruselako atentatuak gertatu baino astebete lehenago. Salah Abdeslamek tiroketatik ihes egitea lortu zuen, baina hiru egunera atxilotu zuten.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Belgikako Justiziak 20 urteko kartzela zigorra ezarri dio Salah Abdeslam —2015eko azaroko Parisko atentatuetatik bizirik atera zen ustezko erasotzaile bakarra— 2016an Bruselan izandako tiroketarengatik, Belgikako hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera. Aipaturiko tiroketa 2016ko martxoaren 15ean gertatu zen, Bruselako atentatuak gertatu baino astebete lehenago.
Gaur ezagutu den epaian, Salah Abdeslam eta Sofien Ayari errudun jo dituzte hilketa saiakeragatik. Ez Abdeslam ez Ayari ez dira epaia entzutera joan.
2016ko martxoaren 15ean Belgikak eta Frantziak polizia operazioa prestatu zuten elkarlanean Bruselan, eta tiroketa gertatu zen kondenatuen eta polizien artean. Ondorioz, hiru polizia zauritu ziren eta 35 urteko ustezko jihadista aljeriar bat hil zen. Abdeslamek eta Ayarik ihes egitea lortu zuten, baina hiru egun geroago atxilotu zituzten.