Mundua -
Haifatik gertu
Gutxienez 40 lagun hil dira baso-sute batean, Israelgo iparraldean
Hildako guztiak espetxeetako funtzionarioak dira eta su hartu duen autobus batean zihoazen. Israelgo lehen ministroaren hitzetan, sutea "sekula ikusi den hondamendirik handiena da".
Erredakzioa
Gutxienez 40 pertsona hil dira baso-sute batean Haifan (Israelgo Iparraldea), Israelgo medikuek jakinarazi dutenez.
David Rojako Izarrak (Gurutze Gorriaren baliokidea) esan duenez, neurri handiko sutean gutxienez 40 pertsona hil dira.
Hildako guztiak espetxeetako funtzionarioak dira eta su hartu duen autobus batean zihoazen. Beste hamar lagun onik atera dira, baina horietatik hiru larri zauritu dira, Magen David Adom Israelgo larrialdi zerbitzuak jakitera eman duenez. Zenbait suhiltzaile eta erreskate taldeetako kideak ere zauritu dira.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren hitzetan, sutea "sekula ikusi den hondamendirik handiena da". "Mota honetako hondamendiei aurre egiteko ikasbide ugari atera beharko ditugu, baina orain bizitzak salbatu behar dira", azpimarratu du.
Haizearen ondorioz azkar zabaldu den sutea basoko dozenaka kilometro karraturi eragiten ari zaie, zona argindarrik gabe utzi du eta Haifa keaz bete du. Bizilagunak erreskatatzeko bost helikoptero militar bertaratu dira.
Lekukoak
Yedioth Ahronoth egunkarian suhiltzaileetako batek adierazi duenez: "Autobusak sua nola hartzen zuen ikusi dugu. Biktima ugari erre dira, izugarria izan da. Sutea ez kontrolatzeagatik gertatu da dena".
Sutea legez kanpoko zabortegi batean hasi ote den ikertzen ari dira, Poliziako iturri batek azaldu duenez. Zabortegia bertan zegoela "aspalditik zekiten" agintariek, Yona Yahav Haifako alkatearen ahotan, "hondamendi bat gertatzea denbora kontua besterik ez zen".