Mundua -

Wikileaksen arabera

Aznarrek politikara itzultzeko asmoa zuen Espainia etsita ikusi ezkero

Horixe onartu zion presidente ohiak AEBetako enbaxadoreari. Bitartean, hiru senatari estatubatuarrek lege proiektu bat aurkeztu dute Wikileaks eta haren sortzailearen kontra egiteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Wikileaksen dokumentu sekretuen arabera, Aznarrek Espainiako egoeraren irudi atsekabegarria eman zuen 2007ko ekainaren 28an, AEBetako enbaxadorearen egoitza ofizialean egindako afarian.

Javier Aguirre enbaxadorearen arabera, "Aznarrek kezka handiz ikusten du Katalunia eta Euskadiri ematen ari zaien boterea, horrek ''Espainia gainbeheratu egiten duelako'', baita Zapaterok Gerra Zibilaren iragana errekuperatzeko asmoak ere".

Enbaxadoreak Aznarri galdetu zion ea berak zein jarrera hartzeko asmoa zuen, eta Aznarrek hurrengoa erantzun zion: ''Espainia erabat etsita dagoela ikusten badut, beharbada politika nazionalera itzuli beharko nuke".

Wikileaks, zerbitzari frantziar batean

Julian Assangeren webguneak zerbitzari frantziar baten laguntza du ostegunean Amazonek bere sostengua erretiratu ostean.

Gizmodo webgunearen arabera, OVH zerbitzariak, Roubaixen oinarritua, wikileaks.org bere gain hartu du ostegunetik. Hala ere, zerbitzari horrek ez du informazio horren inguruko baieztapen ofizialik eman.

Bestalde, Amazon.com enpresak, Wikileaksen webguneari sostengua kendu izanak agintari iparramerikarren presioekin zerikusirik ez duela adierazi du.

Wikileaksen kontrako legea

Jose Lieberman senatari independenteak eta John Ensign eta Scott Brown kide errepublikarrek Wikileaksek mehatxuari aurre egiteko lege proiektua aurkeztu dute.

Proiektuak "Shield Act" izena dauka eta AEBetako Gobernuari "malgutasun handiagoa emango lioke Wikileaks, Julian Assange eta haren lagunen kontra egiteko", izan ere, legeak AEBetako armadako eta inteligentzia zerbitzuetako informatzaileen izenak publikatzea galaraziko luke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea