Mundua -
AFGANISTAN
Gutxienez 17 hildako eta 33 zauritu, Afganistango meskita batean izandako leherketan
Urrirako aurreikusita dauden hauteskunde legegiletarako antolaketarako erabiltzen dute eraikina; bertan, besteak beste, boto-emaileen erregitroa ari ziren jasotzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
17 pertsona hil eta beste 33 zauritu dira gutxienez, Afganistango Jost probintziako meskita batean izan den leherketan, bertako poliziek esan dutenez. Datozen orduetan hildako kopuruak gora egin dezakeela gaineratu dute.
Poliziaren bozeramalea den Basir Binak azaldu duenez, meskita barruan jendea zegoen bilduta arraltsaldeko otoitzak egiteko. Gainera, urrirako aurreikusita dauden hauteskunde legegiletarako antolaketarako erabiltzen dute eraikina; bertan, besteak beste, boto-emaileen erregistroa ari ziren jasotzen.
Dirudienez, meskitan jarrita zeuden lehergailu batzuk eragin dute leherketa Binaren hitzetan.
Zaurituak gertuko osasun-etxeetara eraman dituzte.Oraindik inork ez du bere gain hartu Josten izandako leherketa hau.
"Guztiz gaitzesten dut Josteko meskitan izandako eraso terrorista", esan du Abdula Abdulak egin dituen adierazpenetan. "Fidelei eta leku sakratuei eginiko erasoak ez datoz bat gizakien baloreekin. Islamiarrenganako beste bidegabekeria bat" egin dutela gaineratu du.
Kabulgo AEBko enbaxadoreak igorritako komunikatuan "eraso bortitza" gaitzesten duela esan du eta doluminak eman dizkie biktima zein horien familiei.
Azken asteetan bikoiztu egin dira boto-emaile zentruetako atentatuak.
Apirilaren 22an, bi leherketa izan ziren boto-emaileen erregistroa jasotzen ari ziren Kabulgo zentroetan. Eztanda horietan 57 pertsona hil eta beste 119 zauritu ziren.
Beste 7 pertsona hil dira gaur Frayaben (Afganistan) bonba-auto baten ondorioz, probintzia horretako poliziak jakitera eman duenez.