Mundua -
Kremlin
Putinek bere laugarren agintaldia abiatu du Errusiako presidente gisa
Presidente errusiarrak Medvedev proposatu du lehen ministro kargurako, eta beraz, azken 10 urteetako bikoteak jarraituko du agintean.
Agentziak | Erredakzioa
Vladimir Putinek Errusiako presidente karguaren zina egin du astelehen honetan, Moskuko Kremlineko San Andres aretoan egindako ekitaldi jendetsu batean. Laugarren agintaldia du honakoa, eta beste sei urtez egongo da boterean.
Eskuineko eskua Konstituzioaren gainean jarrita zuela, "herritarren eskubide eta askatasunak babestu eta errespetatu; Errusiako Federazioan Konstituzioa bete eta defenditu; Estatuaren independentzia, subiranotasuna, segurtasuna eta lurralde osotasuna babestu eta herriaren esanetara leial aritzea" agindu du.
6.000 gonbidatu baino gehiago izan dira ekitaldia bertatik bertara jarraitzen; Gobernuko ministroak, diputatu eta senatariak, diplomaziako kideak, Elizako eta Armadako ordezkariak eta pertsona famatuak, besteak beste.
Ekitaldiaren une bat. Reutersen bideo batetik hartutako irudia.
"Nire betebeharra, nire bizitzari zentzua ematen diona, Errusiagatik dena egitea da: herrialdearen orainaren eta etorkizunaren alde, bakearen eta aurrerabidearen alde, Errusiako familia guztien alde", adierazi du Putinek karguaren zina egin ostean eskainitako hitzaldi laburrean.
Errusiarrei eskerrak eman dizkie
"Berriro ere eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei bozetan emandako babes zintzoagatik", erantsi du. Martxoaren 18ko hauteskundeetan botoen % 76 jaso zituen Putinek. Errusiako presidentearen aburuz, boto portzentaje hori "kapital politiko itzela eta babes moral irmoa da".
Putinen esanetan, "lortutako babes hori ezinbestekoa da nazioartean gure jarrera defendatzeko eta herrialdean aurrerapausoak emateko. Gure interesak defendatzen ikasi dugu, aberriaren harrotasuna eta gure balio tradizionalak berreskuratu ditugu".
Azkenik, "herriaren segurtasuna eta defentsa ahalmena bermatuko ditut", agindu du.
Medvedev proposatu du lehen ministro kargurako
Ekitaldia amaituta, lehen ministro kargurako proposamena helarazi dio Duma diputatuen ganberari: Dmitri Medvedev (2012tik dago postu horretan).
Dumak proposamena onartuko balu (astearte honetan egingo dute bozketa), azken 10 urteetan agintean izan den bikoteak jarraituko du.