Mundua -
Historiako handiena
Israeleko sutea kontrolpean dago lau egunetako larritasunaren ondoren
Suak 41 hildako eragin eta 5.000 hektarea erre ditu. Nerabe bi etxeko atzipenaldian daude ustez sua piztu izanagatik.
Erredakzioa
Israeleko historiako suterik handiena ostegun gauean hasi eta igande gauean kontrolpean daukatela dirudi, suhiltzaileek eta ur-hegazkinek gune nagusiak menpean izan eta gero.
Hala ere, Poliziak egin bezala, Boaz Rakia suhiltzaileen komisarioa zuhur agertu da eta argi utzi du "sua kontrolpean izateak ez du esan nahi berpizteko aukerarik ez dagoenik".
Suak 41 pertsona hil ditu eta 17.000 israeldarrek euren etxebizitzak utzi egin behar izan dituzte. Horrez gain, Israelek horrelako egoera larri bati aurre egiteko dauzkan gabeziak agerian utzi ditu.
Nahiz eta hogei bat herrialdek laguntza bidali, sugarrek 5.000 hektarea erre dituzte; Juduen Funts Nazionalaren esanetan, balio ekologiko handikoak guztiak.
Ikerketaren arabera, sua 14 eta 16 urteko anai biren arduragabekeriak sortu zezakeen. Biak Usfiya herrixkan bizi dira eta etxeko atzipenaldian daude.