Mundua -
Bakearen Konfuzio Saria
Txinak Bakearen Nobel Sariaren alternatiba sortu du
Golardoa aurten emango dute lehen aldiz, eta Lien Chan Taiwaneko presidenteorde ohia da irabazlea.
Erredakzioa
Liu Xiaobo disidenteak Bakearen Nobel Saria irabazi eta gero, Gobernuarekin loturarik ez duela ziurtatu duen elkarte txinatar batek beste golardo bat sortu du, Oslon emandakoaren alternatiba izan dadin: Bakearen Konfuzio Saria. Aurten emango dute lehen aldiz, eta Lien Chan Taiwaneko presidenteorde ohia da irabazlea.
Saria gaur emango dute, hau da, Nobel Sariaren galaren bezperan.
Bakearen Konfuzio Sariaren Batzordeko presidenteak, Tan Liuchangek, ziurtatu du elkartea independentea dela, Txinako Gobernuko Kultura Ministerioarekin harremanak izan baditu ere.
Sariaren lehen irabazlea Lien Chan da. 74 urtekoa da eta Taiwaneko presidenteorde izan zen 1996 eta 2000 urteen artean. Hain zuzen ere, Txinaren eta Taiwanen arteko harremanak "hobetzeko" egindako lanagatik saritu dute.
Nolanahi ere, Lienen bulegoak ziurtatu du ez duela golardoaren berri: "Ez dugu inoiz entzun sari horri buruzko ezer, eta noski, Lien jaunak ez dauka onartzeko asmorik".
Herriaren Kazeta egunkari ofizialak baieztatu duenez, saria irabazteko gainerako hautagaiak hauek ziren: Nelson Mandela Hegoafrikako presidente ohia, Bill Gates Microsofteko presidentea eta Panchen Lama, tibetarren bigarren lider espiritual inportanteena (Dalai Lama ez bezala, Beijingek izendatu zuen).