Mundua -

Txina-AEB akordioa

AEBk bertan behera utzi ditu Txinari ezarritako muga-zergak

Bi egunez negoziatzen egon ostean, Estatu Batuetako ondasun eta zerbitzuen erosketak "nabarmen" handitzea onartu du Asiako herrialdeak, baina ez du defizit komertziala murrizteko helbururik zehaztu.

Estatu Batuen eta Txinaren arteko akordioa gerra komertziala saihesteko / EFE.
Estatu Batuen eta Txinaren arteko akordioa gerra komertziala saihesteko / EFE.
Estatu Batuen eta Txinaren arteko akordioa gerra komertziala saihesteko / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu Batuek bertan behera utzi dute Txinari muga-zergak ezartzeko asmoa, Pekinekin lortutako akordioaren ostean. AEBren defizit komertziala murruztea adostu dute bi potentziek.

"Muga-zergak behin behinean etetea erabaki dugu, akordioa gauzatzen dugun bitartean", esan du AEBko Altxor idazkariak, Steven Mnuchinek.

Trumpek 150.000 milioi dolarreko muga-zergak ezartzearekin egin zuen mehatxua, Txina ordainketa-balantza orekatzera behartzeko.

"Gerra komertziala bertan behera uzten ari gara", esan du Mnuchinek.

Txinak Estatu Batuetako ondasun eta zerbitzuen erosketak "nabarmen" handitzea onartu du, gerra komertziala saihesteko, baina ez du defizita murrizteko helburu bat zehazteko konpromisoa hartu, Estatu Batuek nahi zuten bezala.

Bi egunez Washingtonen negoziatzen izan dira bi herrialdeak, baina Donald Trumpen Gobernuak ez du lortu Txinaren konpromisoa Estatu Batuek Asiako erraldoiarekin duten defizit komertziala 200.000 milioi dolarretan murrizteko, 2020ra arte.

Porrot horri garrantzia kendu dio Mnuchinek. Esan duenez, "helburu zehatzak" adostu dituzte, industria bakoitzaren arabera, baina ez dira publiko egingo.

Edozein kasutan, bilera gehiago egin beharko dituzte gerra komertzialaren arriskua erabat baztertzeko.

Adierazpen bateratu batean bi herrialdeek esan dutenez, "Estatu Batuek Txinarekin duten defizit komertziala nabarmen murriztea ahalbidetuko duten neurri eraginkorrak hartzeko adostasuna egon da".

"Txinako herriaren kontsumo beharrei eta kalitate handiko garapen ekonomikoaren premiari aurre egiteko, Txinak nabarmen handituko ditu Estatu Batuen ondasunen eta zerbitzuen erosketak", esan dute.

Nekazal eta energia produktuen inguruko akordioaren xehetasunak zehazteko, Trumpen Gobernuak talde bat bidaliko du Txinara.

Ez da adostasunik izan jabetza intelektualaren inguruan, baina Txinak "bere lege eta arauei zuzenketa garrantzitsuak egiteko" konpromisoa hartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina