Mundua -
Lurraren berotzearen aurka
NBEk 76.000 milioi euroko proiektua aurkeztu du Cancunen
190 herrialdek, Boliviak izan ezik, proiektuaren zirriborroa onartu dute. Horren arabera, Durbanen (Hegoafrika) erabakiko dute Kyotoko Protokoloa beste akordio bategatik ordezkatuko duten.
Erredakzioa
Garapen bidean dauden herrialdeek 2020tik aurrera lurraren berotzea mugatzeko proiektua aurkeztu dute Cancuneko Aldaketa Klimatikoaren aurkako Goi-bileran.
100.000 milioi dolar (76.000 milioi euro) emango dizkiete urtean isuriak gutxitzeko eta lurraren berotzearen ondorioetara egokitzeko, besteak beste, bero-boladak, lehorteak eta ekaitz indartsuagoak.
Dokumentuak, halaber, garapen bidean dauden herrialdeentzako dirua bideratzeko "funts klimatiko berdea" ezartzen du. Horrez gain, euren Barne Produktu Gordinaren % 1,5 emateko eskatzen diete herrialde aberatsei.
Basoen zaintza finantzatzea eta lurraren berotzea bi gradu zentigradotik behera mugatzea ditu jomuga proiektuak. Baina Nazio Batuen Erakundearen (NBE) erabaki irmoa izateko, Cancunen bildutako 192 herrialdek onartu behar dute.
Japonia proiektuaren alde
Aldaketa Klimatikoaren NBEn goi-bileraren zirriborroa babestu du Japoniako Gobernuak. Kyotoko Protokoloaren bigarren fasearen erabaki hurrengo urtera arte atzeratzea jasotzen du.
Orain arte, horren aurkako jarrera agertu du Japoniak. Errusiak, Kanadak eta Bielorrusiak ere jarrera bera zuten.
Bolivia baino ez dago proiektuaren aurka
190 herrialdeak, Bolivia izan ezik, zirriborroa onartu dute. Horren arabera, Kyotoko Protokoloa beste akordio bategatik ordezkatzea Durbanen (Hegoafrika) erabakiko dute.
1997an abian jarritako Kyotoko Protokoloaren luzapena 2012an bukatzen da.