Mundua -
Klimaren Goi-bilera, amaituta
Etsipena eta zuhurtzia goi-bileraren 'gutxienezko' akordioaren aurrean
Kritiken artean, justizia klimatikoarekin erlazionatutako guztia alde batera utzi izana eta emisioen inguruan adostutako murrizketa urriak daude.
Erredakzioa
Organizazio eta erakunde ekologistek itxaropenak Durbanen 2011n egingo den goi-bileran jarri dituzte, Cancuneko "gutxienezko" akordioek sortutako etsipena eta kezkaren ondorioz.
Cancuneko Goi-bileran izan diren 190 herrialdeek Kiotoko Protokoloaren iraunaldiaren bigarren etapa atzeratzea eta murrizketen "asmoa" handitzea erabaki dute, Boliviaren erreparoekin.
Carlos Bravo Espainiako Greenpecek aldaketa klimatikoaren inguruan duen arduradunaren ustez, goi-bilerak "gutxienezko arrakasta" izan du, Copenhagekoaren porrotarekin alderatuta, batez ere, eta negoziazio prozesuak bertan behera ez geratzea lortu dutela azpimarratu du.
Ecologistas en Accionek, berriz, justizia klimatikoaren zerikusia zuten gaiak alde batera utzi izana salatu du. Boliviak gai horiek bultzatzeko ahalegina egin du Goi-bilera osoan baian azkenean Hagako Auzitegira joko duela iragarri du.
Bestalde, Nnimo Bassey Amigos de la Tierra erakundeko presidentearen ustez, Cancuneko akordioa "aurpegian zaplaztekoa" da aldaketa klimatikoak eragin gehien izan duen lurraldeentzat, izan ere, Klimarako Munduko Funtsan ez dituzte kontuan izan herrialde aberatsek emisioetan egin behar dituzten murrizketak.