Mundua -
Bilera Quiton (Ekuadorren)
Petrolio esportatzaileek produkzio maila mantentzea erabaki dute
Gainera, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) Ekuadorreko proiektu ekologikoa babestea erabaki du. Horri esker, petrolio zelai bat ustiatu gabe utziko dute Amazonian.
Erredakzioa
Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) egungo petrolio produkzioa bere horretan mantendu eta indarrean dauden helburuei eustea erabaki du Wilson Pastor erakundeko presidenteak jakitera eman duenez.
LPEEko 12 herrialde kideen ministroak bilera egin dute larunbat honetan Quiton petrolioaren munduko merkatua aztertu eta txandakako presidentziaren transferentzia aztertzeko. Hurrengo hilabeteetan Iran izango da erakundearen presidentzian.
Pastorrek esandakoaren arabera, hurrengo urterako prezioak 75 eta 85 dolar artean izango dira. Kantitate hori "erosoa" dela gaineratu du Pastorrek baina "errealitatearen gorabeheren arabera" aldatu egin daitekeela ohartarazi du.
Amazoniarako plan ekologikoari babesa
Gainera, Quitoko bileran Yasuní-ITT Ekuadorreko plan ekologistari babesa emango diotela adostu dute, baina Amazoniako petrolio-eremu handi baten ustiaketari uko egiteagatik herriak jasoko duen diru kopurua zehaztu gabe.
Yasuni-ITT proiektuak Amazoniako oihaneko petrolio-eremu handi bat lurpean uztea bultzatzen du. Leku hori munduan dagoen bioaniztasun eremurik handienen artean dago.
Horren truke, Ekuadorrek ordain ekonomikoa eskatzen du: Eremu horren ustiaketarekin aterako lukeen diruaren erdia, gutxienez.