Mundua -
Suzko sumendia
Guatemalako sumendiaren erupzioagatik hildakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du
75 pertsona hil dira, 40 baino gehiago zauritu, 5.000k euren etxeetatik alde egin behar izan dute eta bi milioi kaltedun daude, Escuintla, Sacatepequez eta Chimaltenango departamentuetan.
agentziak | erredakzioa
75 pertsona hil dira Guatemalako Suzko Sumendiaren erupzioaren ostean, asteartean Fanuel Garcia Zientzia Forentseen Institutu Nazionaleko (INACIF) zuzendariak iragarri duenez.
Orain arte, Guatemalako agintariek 69 hildako aipatu dituzte. Halere, azken orduotan bizitza galdu duten pertsonen kopuruak gora egiten jarraitu du. Besteak beste, San Juan Ospitale Nagusian zortzi urteko ume bat hil da, jasandako erredurengatik.
Gainera, 40 zauritu baino gehiago dago, 5.000 pertsonatik gora ihes egin behar izan dute eta bi milioi kaltedun inguru daude, Escuintla, Sacatepequez eta Chimaltenango departamentuetan, hain zuzen, Suzko Sumendiaren inguruan, La Prensa tokiko egunkariaren arabera. Gainera, 200 pertsona inguruk desagertuta jarraitzen dute.
INACIFek ohar baten bidez azaldu duenez, 23 hilotz identifikatu dituzte, baina 52 identifikatu gabe daude oraindik. Sacatepequezera eraman dituzten 9 gorpu guztiak identifikatuta daude.
Nazioartea -gehien bat inguruko herrialdea- laguntza humanitarioa bidaltzen hasi da jada, Jimmy Morales presidente guatemalarrak berak aipatu duenez, hondamendi natural horrek altxor publikoaren gaitasuna erabat gainditu baitu.
Hau izan da Guatemalan azken urteetan izan den hondamendirik larrienetakoa. Gobernuak larrialdi-egoera eta hiru dolu egun ezarri ditu.
Kaltedunak hartzeko prestatu dituzten aterpetxeetan 2.600 bat pertsona daude.