Mundua -

Merkataritza gerra

Muga-zerga berbera ezarrita erantzungo die Txinak Ameriketako Estatu Batuei

Donald Trumpek AEBra heltzen diren produktu txinatarrei 50 milioi dolarreko muga-zerga jartzea onartu ostean hartu du erabakia Txinako Gobernuak.

Xi Jinping Txinako presidentea. Argazkia: EFE
Xi Jinping Txinako presidentea. Argazkia: EFE
Xi Jinping Txinako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Gobernuak jakinarazi du Ameriketako Estatu Batuek iragarritako muga-zerga berberak ezarriko dituela, bi herrialde horien arteko merkataritza-gerrarik nahi ez duela azpimarratu arren.

"Berehala ezarriko ditugu (AEBk) iragarritako muga-zergak eta, ondorioz, bi herrialdeen etekin ekonomiko eta komertzialak baliorik gabe geratuko dira", adierazi du Txinako Merkataritza Ministerioak ohar baten bidez.

Donald Trumpek AEBra heltzen diren produktu txinatarrei 50 milioi dolarreko muga-zerga jartzea onartu ostean iritsi da Txinako Gobernuaren erantzuna.

"Txinak ez du merkataritza-gerrarik nahi, baina Estatu Batuen jarrera okerraren aurrean, bi herrialdeak aterako baikara galtzen, erantzun irmoa ematea beste aukerarik ez dugu", erantsi du Merkataritza Ministerioak.

Trump Etxe Zurian bildu da Wilbur Ross, Steven Mnuchin eta Robert Lighthizer Merkataritza, Altxor eta Kanpo-merkataritzako idazkariekin, eta lauren artean hartu dute Txinako produktuei muga-zerga igotzea.

Maiatzean, AEBko eta Txinako gobernuek merkataritza-gerra etetea adostu zuten eta duela egun batzuk, ekainaren 3an, Wilbur Ross Pekinen izan zen bi herrialdeek hasitako negoziazio prozesuaren baitan, eta bi aldeek ituna egin zuten.

Estatu Batuek atzera bota zuten produktu txinatarrei 150.000 milioi dolarreko baliodun muga-zerga ezartzea; eta Txinak Estatu Batuetako ondasun eta zerbitzu gehiago erosteko konpromisoa hartu zuen, salerosketa balantza orekatzeko asmoz.

Alabaina, akordioarekin pozik geratu ez zela esan zuen gero Trumpek eta gaur Txinaren kontrako neurriak iragarri ditu, jabetza intelektual eta teknologikoari iruzurra egiten diolakoan eta merkataritzan jokaera bidegabea darabilela iritzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Txina Albisteak Donald Trump