Mundua -

Bi Koreen arteko gatazka

Hego Koreak ariketa militarrak egin ditu, mehatxuak mehatxu

Ipar Koreako Gobernuak erantzun egingo duela ohartarazi du, izan ere, maniobra horiek bi koreen arteko mugatik gertu egin dituzte. NBEk ezin izan du gatazkari buruzko iritzi bateraturik adostu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Koreak ariketa militarrak egin ditu Itsaso Horian, Yeonpyeong (Ipar Korearen erasoa jasan zuen irla) uhartetik gertu, Seuleko Yonhap albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Ipar Koreako Gobernuak ohartarazi zuen erantzun egingo zuela Seulek ariketa militarrak eginez gero, baina Hego Koreak bere asmoak gauzatu ditu eta maniobrei ekin die. Iragan azaroaren 23an, antzeko ariketa batzuk egin zituen Seulek inguru hartan eta Pyongyangek eraso eginez erantzun zuen eta lau pertsona hil zituen.

Tiroak Euskal Herriko 06:30 aldera hasi dira entzuten Yeonpyeong irla inguruan, azaroko erasoa jaso zuen irlatik gertu hain zuzen ere.

Ariketa militarrak egiteko asmoaren berri izanda, Ipar Koreak maila gorenera igo zuen artilleria unitateen alerta, tentsioak gora eta gora egin dezakeela jakitun.

Hori horrela, Seulek bunkerretan gordetzeko deia egin die Yeonpyeong irlako herritarrei, izan ere, azaroan bi zibil eta bi militar hil zirela ekarri du gogora eta Gobernuak ez du nahi berriro gertatzea.

Ez dago adostasunik NBEn

Txinak eta Errusiak kritikatu egin dituzte Hego Koreak egun osoan egingo dituen ariketa militarrak, Koreako penintsulako gatazka gordintzea ekar lezakeelako. AEBek, berriz, Hego Korea aliatua babesten jarraitzen dute.

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan nabaria izan da zatiketa hori eta ez dira gai izan Koreen arteko tentsioa jaisteko asmoz testu bat adosteko, baina negoziatzen jarraituko omen dute datozen orduetan.

Vitaly Churkin Errusiak NBEn duen enbaxadoreak ohartarazi du "tentsioa eta arriskua" nabaria dela.

"Ezinbestekoa da egoeraren jatorri bakarra zein den kontuan izatea: Ipar Korearen jarrera probokatzailea", adierazi du Susan Rice AEBek NBEn duten ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea