Mundua -

ANALISIA

Kolonbiako ezkerra berriro trabatu da

Lortutako emaitza historikoa izan arren, ez du Kolonbiako presidente izatea lortu, eta oposizio gogorra osatzea izango du helburu.

Ivan Duque, kolonbiako presidente berria. Argazkia: EFE
Ivan Duque, kolonbiako presidente berria. Argazkia: EFE
Ivan Duque, kolonbiako presidente berria. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako inkestak ez dira okertu. Ivan Duque egongo da hurrengo 4 urteetan Nariño Etxean, Kolonbiako presidentearen bizilekuan. Garaipena lortu du, baina aldea ez da izan botoak zenbatu baino lehen aurreikusitakoa bezain handia. Izan ere, Gustavo Petrok emaitza historikoa lortu du Kolonbiako ezkerrarentzat (zortzi milioi bototik gora) eta Gobernuari oposizio gogorra egingo diola agindu du, “mobilizazio etengabeak” bultzatu eta “plaza publikoak behin eta berriro” zapalduko dituela iragarri baitu.

Hauteskundeetan lortutako emaitzei esker, Gustavo Petro presidenterako hauteskunde batzuetako bigarren itzulira heldu den eta zortzi milioi bototik gora lortu dituen ezkerreko lehen liderra izan da. Erreferentzia gisa Bogota hiriburuko alkate ohia dugu, botoen % 41,8 lortu baititu, abuztuaren 7an agintea utzi beharko duen Juan Manuel Santosek Presidentetzara iristeko lortu zituenak baino gehiago.

Lortutako emaitzak onak izan arren, deigarria da Kolonbian ezkerreko alderdi bat inoiz bigarren itzulira igaro ez izana eta inoiz gobernatu ez izana. Ezkerrari aurrera egitea oztopatzeko “tradizio” hori maiz errepikatu da Kolonbiako politikan, eta ez da ulertzen hainbat herrialdetan ezkerra nagusitu den kontinente batean.

Oraingoan ere, ezkerrak ez du garaipenik lortu, Venezuelako krisia Kolonbiako hauteskunde kanpainan oso presente egon baita lehen egunetik, ezkerraren garaipen historiko bat ez izateko eta gerrillari ohi bat boterera ez iristeko. Kanpainan zehar tamaina handiko iragarkiak jarri dituzte Kolonbiako hainbat tokitan, “Kolonbia beste Venezuela bat izan ez dadin”. Hori dela eta, ikusitakoak ikusita, Kolonbiako ezkerra Venezuelako Gobernuarekin lotzeko saiakera horrek esperotako emaitza izan duela esan daiteke.

Ezkerreko koalizioak emaitza onak lortzeaz gain, parte-hartzeari begira ere hauteskunde onak izan dira. Botoa emateko eskubidea zuten herritarren % 53k eman dute botoa, eta inoiz baino parte-hartze handiagoa izan da, Kolonbian botoa ematera joatea baino etxean geratzeko ohitura nagusitu bada ere.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Zer gertatu da Kolonbian?