Mundua -
Tentsioa, maila gorenean
Seulek ariketa militar gehiago egingo ditu bihar Ipar Koreatik gertu
Gerra eta artilleria hegazkinek parte hartuko dute eta entrenamendu baterako inoiz erabili duten soldadu kopuru handiena zabalduko dute.
Erredakzioa
Hego Koreako Armadak ariketa militar handiak egingo ditu bihar Gyeonggi probintzian, Ipar Koreako mugatik oso gertu, Yonhap Seuleko albiste-agentziak jakitera eman duenez.
Hego Koreak indar erakustaldia egin nahi du Pyongyangeko Gobernuaren aurrean, azaroaren 23an Ipar Koreak Yeongpyeong irlari eraso egin eta lau hegokorear hil ondoren sortutako tentsioaren erdian.
Ariketak Ipar Koreako mugatik 20 kilometrora izango dira eta horietan parte hartuko dute gerra eta artilleria hegazkinek eta entrenamendu baterako inoiz erabili duten soldadu kopuru handiena zabalduko dute.
Era berean, gaurtik ostiralera arte itsasoan ere ariketak egiten ari dira, bi Koreen arteko mugatik 100 bat kilometrora.
Hego Korea iragan astelehenean hasi zen ariketa militar polemikoak egiten Ipar Korearen mehatxupean. Izan ere, Pyongyangek esan zuen Seulek ariketa militarrak eginez gero erantzun egingo zuela, baina azkenean "probokazio militarrak" ez zuela erantzunik merezi erabaki zuen.
Errusiak eta Txinak ariketa militarrak bertan behera uzteko eskatu zioten Hego Koreako Gobernuari eta enbaxadore errusiarrak NBEren Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera deitu zuen, baina bileran ez zuten akordiorik lortu, kideen arteko desadostasun handiak medio.