Mundua -

Iruzkina

Justizia, azkenean, Argentinan

Jorge Videla, Luciano Menendez eta 1976ko Estatu Kolpea eta ondorengo errepresioa antolatu zituzten beste 14 lagunei bizi osorako kartzela zigorrera jarri diete.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

35 urte igaro behar izan dira Argentinak orduan bizi izan zuen errepresioaren arduradunak egin zituzten krimenengatik behingoz zigortuak izan daitezen.

Jorge Videla, Luciano Menendez eta 1976ko Estatu Kolpea eta ondorengo errepresioa antolatu zituzten beste 14 lagunei bizi osorako kartzela zigorrera jarri diete. Horietako batzuk 80 urte pasata sartuko dira espetxean. Adin hori dute, hain zuzen ere, Mayo Plazako Ametako askok. Hiru hamarkada baino gehiago daramatzate justizia egin eta egia jakin dadin etengabeko borrokan.

Lehen ere egin zitekeen justizia eta justuagoa izango zen ziurrenik. 1985ean, adibidez, jada epaituak eta bizi osorako kartzelara zigortuak izan ziren 1976 eta 1983 urteen artean Argentinan agindu zuten junta militarretako 9 arduradun nagusiak. Hala ere, ez ziren denbora luzez egon kartzelan. 1989an, Carlos Menem presidente kargura iritsi zenean, junta militarreko kide horiek indultatu egin zituen.

Orain ezagutzera eman duten epaiak zigorgabetasunaren amaiera dakar Argentinan errepresioa ezarri zutenentzat. Errepresio hartatik bizirik atera zirenek eta hil zirenen senitartekoek jakin badakite zigorra oso berandu datorrela, baina hala ere lasaitu ederra hartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea