Mundua -

Iruzkina

Boli Kosta, gerra zibilaren atarian

Ouattara, egun oposizioak dagoena, jo zuten garaile iragan hauteskundeetan. Laurent Gbagbo presidenteak, berriz, berak irabazi zuela dio eta uko egin dio boterea uzteari.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tentsioa geroz eta handiagoa da Boli Kostan eta ez da baztertzen gerra zibila piztea. Egoera honen atzean duela hilabete egin ziren hauteskundeak daude. Egun oposizioan dagoen Alassane Ouattara garailetzat jo zuten Hauteskunde Batzorde Nazionalak eta nazioarteko begiraleek. Baina egungo presidenteak, Laurent Gbagbok dio berak irabazi zituela eta ez du boterea utzi nahi.

Baliorik gabe utzi du Hauteskunde Batzordearen erabakia eta oposizioaren kontrako errepresio kanpaina hasi du. Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeko Batzordeak jakinarazi du 200 bat biktima izan direla hildako eta desagertuen artean.

Boli Kosta Afrika mendebaldeko herrialderik garrantzitsuenetakoa da, duen pisu ekonomiko eta demografikoa kontuan hartuta. Hamarkada batetik gora darama ezegonkortasun egoeran, 2002 eta 2007 urteen artean gerra zibila jasan zuen eta egoera hark bitan zatituta utzi zuen herrialdea: Gbagbo presidentearen kontrolpean dago herrialdearen hegoaldea eta iparraldean, aldiz, Indar Berriak izeneko gerrillak agintzen du.

Giro honetan, erabakigarria izango da Frantziaren jarrera. Bere kolonia izan zen eta, ondorioz, gaur egun ere eragin handia du Boli Kostan. Baina badirudi ezer erabaki aurretik lehenengo eta behin Parisek jakin nahi duela Gbagbo edo Ouattara interesatzen zaion gehien.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea