Mundua -

Gobernu krisia Alemanian

Alemaniako Barne ministroak dimisioa emateko mehatxua egin du, Merkeli presioa eginez

Kantzilerraren alderdiak bilera batera deitu du Seehofer ministroa, egoera lasaitze aldera. Merkelek EBko gainerako bazkideekin adostutako migrazio politikarekin kritiko agertu da buruzagi bavariarra.

Seehofer, igandeko bileratik irteten. Argazkia: EFE
Horst Seehofer. EFE
Seehofer, igandeko bileratik irteten. Argazkia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Horst Seehofer Alemaniako Barne ministro eta CSU (Batasun Sozial Kristaua, alemanezko sigletan) alderdiko buruzagiak dimisioa emateko mehatxua egin zuen igandean bere alderdiak ateak itxita egindako bilera batean. Alemaniako migrazio eta asilo politika dela eta, aspalditik du aurrez aurrekoa Seehoferrek Angela Merkel kantzilerrarekin, eta horri presioa egiteko egin du azken keinu hori.

Igandean, 15:00etan, abiatu zuten bilera Batasun Sozial Kristauak Munichen duen egoitzan, eta 23:00ak arte egon ziren bilduta. Egoitzatik irtendakoan, gertukoekin batzartuta jarraitu zuen Seehoferrek, eta 01:00ak aldera, dimisioaren aukera azaldu ei zien.

Merkelek, bere aldetik, batzarra egin zuen Berlinen buru duen CDU alderdiko kideekin, eta elkarrizketarako deia egin zion Seehoferri. Gaur, 08:30ean, berriz bilduko zirela iragarri zuen alderdiak Twitterren duen kontuan.

 

 

Bayerische Rundfunk Bavariako telebistaren arabera, Seehofer Berlinera joateko aukera aztertzen ari da, kantzilerraren aldetik "konpromisoa" lortzeko asmoz.

Bavariako CSU eta kantzilerraren CDU alderdien arteko liskarrak krisi sakona eragin du Alemaniako Gobernuan, Merkelek agintean daramatzan 12 urteetako latzenetarikoa.

CSUren babesik gabe, Merkelen koalizioak —CDU, CSU eta SPD (Alderdi Sozialdemokrata) alderdiek osatzen dute— ganberan duen gehiengoa galduko luke. Alemaniako hedabideen arabera, hura galduta, hainbat aukera izango lituzke Alemaniako kantzilerrak: gutxiengo gobernu batekin agintzen jarraitzea, beste bazkide bat topatzea edota hauteskundeak deitzea.

Migrazioaren kontura, ika-mika

Seehoferren eta Merkelen arteko krisia duela aste batzuk lehertu zen, Barne ministroak Europar Batasuneko (EB) beste herrialde batzuetan erregistratutako migratzaileei mugak itxiko dizkiela iragarri ostean. Kantzilerrak arazoa konpontzeko konpromisoa agertu zion, eta EBko gainerako bazkideekin akordioa lortuko zuela hitz eman zion.

Handik gutxira ituna adostu zuen Merkelek Bruselan. 28 estatuburuek "bigarren mailako migrazioa" geldiarazteko neurriak adostu zituzten, eta dozena bat herrialderekin aldebiko itunak lortu zituzten migratzaileak euren herrialdeetara itzultzeko izapideak azkartzeko.

Seehoferren aburuz, lortutako akordioa ez da nahikoa, eta horregatik egin du mehatxua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan