Mundua -

ANALISIA

Europak immigrazioari nola aurre egin jakin gabe jarraitzen du

Angela Merkelek eta Horst Seehofer Barne ministroak mugetako kontrolak indartzea adostu dute, eta Espainiak 25,6 milioi euro jasoko ditu immigranteak hartzeko eta kanporatzeko ahalmena hobetzeko.

Immigrazioak ez du etenik eta immigrante kopurua gero eta ugariagoa da. Argazkia: EiTB
Immigrazioak ez du etenik eta immigrante kopurua gero eta ugariagoa da. Argazkia: EiTB
Immigrazioak ez du etenik eta immigrante kopurua gero eta ugariagoa da. Argazkia: EiTB

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Badirudi Pedro Sanchezen Gobernu berria ez dagoela prest gero eta handiagoa eta popularragoa den talde bateko kide izateko. Italiak, Hungariak, Austriak eta, duela ordu batzuetatik, Alemaniak ere osatzen duten talde honek mugak ixteko eta gero eta handiagoa den immigrazioaren kontrola gogortzearen alde azaldu dira.

Alemaniako kantziler eta Batasun Demokrata Kristaua (CDU) alderdiko presidente Angela Merkelek eta Alemaniako Gobernuko Barne ministro eta Batasun Sozialkristaua (CSU) alderdiko buru Horst Seehoferrek akordioa itxi dute azkenean. Horrela, amaitutzat eman dituzte bi alderdien artean izandako harreman historikoa hausteko zorian jarri dituzten negoziazioak. Itunak Salvani (Italia), Orbán (Hungaria) eta Kurz (Austria) liderrek aurretik esandakoa jaso du: Europako estatu batean babesa eskatu ondoren herrialde horietara iristen diren atzerritarrak aurreko estatura bidaliko dituzte bueltan, eta horrek mugetako kontrolak indartzea ekarriko du.

Europako Batzordeak Espainian migratzaileak hartzeko eta kanporatzeko gaitasuna hobetzeko 25,6 milioi euro bideratuko dituela iragarri eta ordu batzuetara iritsi da akordio hori, Pedro Sanchezek Europako kideei migrazio fluxuen gorakadari aurre egiteko laguntza eskatu ondoren.

Kontua da Aquarius ontziaren krisia izan zenetik Espainiako portuak komodin bihurtu direla Italiak eta Maltak lehorreratzeko baimena ukatu dien itsasontzientzat. Bruselak badaki hori, eta horregatik erabaki du laguntza ekonomikoa handitzea lan horiek bideratzeko.

Hala ere, estatu kideek duela egun gutxi batzuk lortutako akordioa (gutxienekoak jaso dituzte bertan) ez da nahikoa, itxura batean, eta oraingoz ez ditu konpondu Europak gero eta migrazio fluxu handiagoak kudeatzeko dituen premia politikoak eta praktikoak.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioaren albisteak Angela Merkel albisteak Pedro Sánchez bideoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak