Mundua -
Amesbury
Hil egin da duela astebete Novichok gasarekin kutsatutako emakumea Erresuma Batuan
Bere bikotekideak larri jarraitzen du. Terrorismoaren aurkako taldeko 100 agente parte hartzen ari dira ikerketan.
agentziak | erredakzioa
Dawn Sturges aurreko astean gas kutsakor batekin Amesburyn (Erresuma Batua) kutsatutako emakumea hil egin da, Scotland Yardek zabaldu duenez. Sturges eta Charlie Rowley bere bikotekidea Novichok gasarekin kutsatu omen ziren. Dirudienez, Sergei Skripal espioi errusiar ohia eta Yulia horren alabaren aurka erabilitakoa litzateke.
"Ikertzaileek ikerketa abiarazi dute hilketagatik Amesburyn, Wiltshiren, gasarekin kutsatutako emakumea arratsalde honetan ospitale batean hil ondoren", esan du Poliziak ohar baten bidez.
Poliziek gertatutakoaren berri eman diote sendiari eta heriotzaren inguruan gehiago sakontzeko autopsia egingo diotela adierazi dute. Bitartean, Rowleyk "larri jarraitzen du".
Terrorismoaren aurkako taldeak hartu du ikerketaren gidaritza. "Ehun bat ikertzaile etenik gabe lanean ari dira", Wiltshireko Poliziarekin batera, esan du Scotland Yardek.
"Albiste gogorrak eta tristeak dira. Dawnek famili a bat utzi du, hiru seme-alaba. Elkartasuna adierazi nahi diegu une zail honetan", Neil Basu Terrorismoaren aurkako taldeko komisariordearen esanetan.
"Albiste beldurgarri haiek gure asmoa hauspotu baino ez dute egiten, ekintza anker, arduragabe eta basati honen erantzule edo erantzuleak identifikatu eta justiziaren esku uzteko", gaineratu du.
Thersa May lehen ministroak ziurtatu duenez, "atsekabetuta" dago Sturgesen heriotzagatik. "Gobernuak komunitateari behar beste laguntza emateko konpromisoa hartu du, Sky Newsek zabaldu duenaren arabera.