Mundua -
Erabakia
Egiptoren eta NBEren bidez adostutako su-etena iragarri du Hamasek
Gazako Zerrendan soldatu israeldar bat hil ostean abiatutako operazio militarraren ostean hartu dute su-etenaren erabakia.
Agentziak | Erredakzioa
Hamas mugimendu islamistak su-etena iragarri du larunbat goizaldean, Gazako Zerrendan soldadu israeldar bat hil ostean Israelek abiatutako operazio militarraren ondoren. Fawzu Barhoum Hamaseko bozeramaileak azaldu duenez, Egiptok eta Nazio Batuen Erakundeak egin dute bitartekaritza lana.
Istiluak joan den ostiralean hasi ziren, hainbat miliziano palestinarrek Israelgo Armadaren aurka tiroka hasi zirenean. Horren ondorioz, soldatu israeldar bat hil zen.
Eraso horri erantzuteko, Israelek erasoa ipini zuen martxan mugimendu islamistaren aurka. Hamaseko hiru kide hil ziren. Jarraian, operazio masiboa iragarri zuen Israelek.
Ostiraletako 17. protesta
Joan den martxoaren 30az gero Itzuleraren Martxa Handiaren baitan egiten ari diren 17. protestan hasi ziren istiluak. Orduz gero, israeldarrek 141 palestinar hil dituzte.
Israelgo Armadak Hamasi leporatu dio mugako egoera ezegonkorra. Horrez gain, "zibilen mozorropean jarduera terroristak" egitea ere egotzi dio.
Benjamin Netanyahu lehen ministro israeldarrak Segurtasun kabinetea deitu zuen egoera aztertzeko. Avigdor Lieberman Defentsa buruak, bere aldetik, Hamasi ohartarazi dio "suntsipen eta biktima" guztien arduraduna izango dela, suziriak jaurtitzen jarraitzen badu.