Mundua -

ANALISIA

Jada Nikaraguako Eliza eta Daniel Ortega ez dira lagunak

Ospakizunean eta Fronte Sandinistaren milaka jarraitzaileren aurrean, Nikaraguako presidentea gogor aritu zen Nikaraguako Gotzainen Biltzarraren aurka.

Daniel Ortega Iraultza sandinistaren 39. urteurrenaren ospakizunean. Argazkia: EFE
Daniel Ortega Iraultza sandinistaren 39. urteurrenaren ospakizunean. Argazkia: EFE
Daniel Ortega Iraultza sandinistaren 39. urteurrenaren ospakizunean. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Daniel Ortega Nikaraguako presidenteak eta bere emazteak ez daukate boterea uzteko asmorik.  Eta  antza denez, ez dute jarrera hori aldatu, joan den astean Amerikako Estatuen Erakundeak hauteskundeak 2019ko martxora aurreratzeko onetsi zuen erabakiaren berri izatean. Protesta giroa eta nahigabea gero eta nabariagoak  izanik, eta Iraultza sandinistaren 39. urteurrenaz baliatuz, Ortegak arazoan bitartekaritza lanak egiten saiatu den erakunde bakarraren aurka jo zuen: Nikaraguako Gotzainen Biltzarraren aurka, hain zuzen.

Ospakizunean eta Fronte Sandinistaren milaka jarraitzaileren aurrean, Nikaraguako presidentea gogor aritu zen Nikaraguako Gotzainen Biltzarraren aurka, kolpistak zirela esanez. Gainera, eurei leporatu zien orain ia 4 hilabete  hasitako indarkeria eta krisialdi sakonaren eragileak izatea. Horren ondorioz, 300 pertsona baino gehiago hil dira. Azkenik eta Ortegaren hitzetan hau ere, gotzainek elkarrizketetan zeukaten izen ona galdu zuten hauteskundeak martxoaren 2019ra aurreratzeko eskatu zutenean.

Tradizioz Elizak parte hartu izan du Nikaraguako politikan. Biztanleriaren % 58,8k katolikotzat hartzen du bere burua, baita Daniel Ortegak eta bere emazteak ere. Emazteak bultzatuta hurbildu zen Elizara Ortega eta horregatik, protestak hasi zirenean gotzainei eskatu zien oposizioarekin negoziazioetan bitartekari aritzeko. Horrela, aliantza heterogeneo bat sortu zuten  ikasle, negozio erakunde eta nekazarien erakundeek eratua.

Hala ere, negoziazioak okertzean sortutako biolentziaren aurrean, Nikaraguako Elizak  Gobernuaren jarduna gaitzetsi zuen. Ortegak, beraz, utzi dio gotzainak bitartekari neutraltzat tratatzeari  eta dagoeneko ez ditu laguntzat ere hartzen.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nazioartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Nikaragua azken ordukoa Erlijioa albisteak gaur Gotzain Biltzarraren albisteak gaur