Mundua -
Gertaera AEBetan
Kongresista bat oso larri eta epaile bat hilda, Arizonako tiroketan
Hasieran nahastea nagusitu eta zazpiak hil direla zabaldu arren, Obama presidenteak "gutxienez bost hildako" daudela esan eta Cliffords kongresista "oso larri" zauritu dutela iragarri du.
Erredakzioa
Gabrielle Giffords kongresista demokrata "oso larri dago" eta epaile federal bat hil egin dute larunbat honetan Tucsonen, Arizonan, egondako tiroketan. Biak ekitaldi politiko batean parte hartzen ari ziren beste pertsona batzurekin batera. Gertatutakoa, Pimako konterriko Sheriffaren Bulegoak konfirmatu du.
CNN albiste katearen arabera, hildako epaile federala John Roll da, eta beste 18 pertsonak bala zauriak izan dituzte. Horietako sei hilda egongo lirateke, horien artean, bederatzi urteko neskatoa.
Tiroketa 10:00ak jota zirenean gertatu da (18:00ak Euskadin), Tucsonen iparraldean dagoen janari-denda baten aurrean. Cliffords "Kongresua zure etxe ondoan" herritarrei hurbiltzeko ekimenaren lehen ekitaldia egiten ari zen.
Peter Michaels Arizona Public Mediako albistegietako zuzendariak adierazi duenez, erasotzailea gizonezko bat izan da, kongresista zegoen lekura korrikan hurbildu eta tiroka hasi da.
Michaelsek azaldutakoaren arabera, Giffords bikote batekin hizketan ari zen tiroa buruan jaso duenean, metro bateko distantziatik.
Barack Obama presidenteak "gutxienez bost hildako" daudela konfirmatu du, eta Giffords bizirik dagoela azpimarratu du baina "oso larri". Gertatutakoa deskribatzeko gai ez dela gaineratu du presidente estatubatuarrak.
40 urteko Giffords 2006an aukeratu zuten Demokraten alderdien hautagai eta ordutik hona beste bi aldiz aukeratu dute Arizonako ordezkari, azkena 2005eko azaroaren 5ean. Orduan Errepublikarren Alderdiko Tea Party mugimendu kontserbadoreko ordezkari bat izan zuen arerio.
Muturreko eskuindarren erasoa
Iragan martxoan, Tucsoneko bulegoa izan zen muturreko eskuindarrek eraso zuten demokraten hiru egoitzetako bat. Erasoa Obamak Osasun Zerbitzuen erreforma onartu aurretik gertatu zen.
Gabrille Gifforsden aitak Tea Partyko kideak alabaren areriorik sutsuenak zirela adierazi du Tucsoneko ospitalera iritsi denean. Alabak mehatxuak etengabe jasotzen zituela gaineratu du.