Mundua -

Londres

Bi zauritu Londresen, auto batek Parlamentuko hesien aurka talka egin ostean

Momentuz ez dute gidaria nor den ezagutarazi. Inguruko kaleak itxi ditu Poliziak, baita metro geltokia ere.

Parlamentuko inguruak gaur goizean. Argazkia: Reuters
Parlamentuaren aurka talka egin duen gidariaren atxiloketaren unea

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat pertsona zauritu dira Londresen auto batek Parlamentu britainiarreko hesien aurka talka eginda, Scotland Yardek jakinarazi duenez.

Momentuz ez dute gidaria nor den ezagutarazi, baina atxilotu egin dute, aipatutako iturriaren arabera. Terrorismoaren aurkako Unitateak ikerketaren gidaritza hartu du.

Westminsterreko Parlamentuaren inguruko kaleak itxita daude, baita metro geltokia ere. Poliziako autoak eta osasun zerbitzuko anbulantziak bertaratu dira lekura, hedabide britainiarren esanetan.

Poliziak ez du, momentuz, hipotesirik baztertu, ezta eraso terrorista ere. Zenbait lekukoren arabera, gidariak nahita egin du oinezkoen aurka, BBC telebista publikoak zabaldu duenez.

"07:37ean (08:37, gurean), auto batek Parlamentuko hesian aurka talka egin du. Gidaria, gizon bat, bertan atxilotu dute Poliziako agenteek. Hainbat oinezko zauritu dira. Agenteak bertan dira", dio Scotland Yardek gaur goizean zabaldutako mezu batek.

Hedabideek diotenez, hamar bat polizia-auto eta hiru anbulantzia daude gertaera izan den lekuan.

Parlamentuko eraikina altzairuzko eta porlanezko hesiez inguratuta dago, iazko martxoan gizon batek egindako atentatuaren ostean.

Eraso horretan, Khalid Masood hainbat pertsona harrapatu zituen Westminsterreko zubitik gertu, Parlamentuaren ondoan, eta horietako lau hil ziren. Ondoren, autotik jaitsi eta eraikinean sartzen saiatu zen, eta Keith Palmer polizia hil zuen labankadaz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Theresa May Londres Ingalaterra