Mundua -
Italia
43 pertsona hil dira jada Genovako zubiaren erortzearen ondorioz
Gaur izan da biktimei eskainitako Estatu-hileta eta 19 familiak hiletan parte hartzeari uko egin diote.
Agentziak | Erredakzioa
Dagoeneko 43 dira Genovan eroritako zubiak utzitako biktimak, suhiltzaileek zementu blokeen artean 9 urteko haurra eta haren gurasoak aurkitu ostean.
Komunikabideek adierazi dutenaren arabera, gorpuak identifikatzeke daude, baina litekeena da istripua jazo zen egunetik desagertuta dagoen Cecala familiako kideak izatea.
Orain arte aurkitutako biktimen artean hiru ume daude eta oraindik desagertutako bi pertsona daudela jakinarazi du Babes Zibilak. Izan ere, desagertutakoen autoa zementu bloke batek txikituta aurkitu zuten Polcevera ibaiaren ertzean.
Estatu-hileta
Hiri italiarrak gaur eman die azken agurra istripuan hildako 18 biktimari, Estatu-hileta batean. Beste 19 biktimen familiak, ostera, hileta pribatua egitea erabaki dute.
Angelo Bagasco Genovako artzapezpikuak gidatu du meza, hiriko pabilioi batean. Sergio Mattarella Errepublikako presidentea eta Giuseppe Conte lehen ministroa ere bertaratuko dira.