Mundua -

Venezuela

Oposizioko alderdiek greba deitu dute Maduroren neurri ekonomikoen aurrean

Oposizioko alderdien arabera, Maduroren neurri ekonomiko berriekin herrialdearen krisi ekonomikoak txarrera egingo du.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Primero Justicia (PJ), Voluntad Popular (VP) eta Causa R alderdiek greba deitu dute abuztuaren 21erako, Nicolas Maduro presidenteak aurkeztu berri dituen neurri ekonomikoak bideraezinak direla argudiatuta.

Beste neurri batzuen artean, abuztuaren 20tik aurrera, langileen gutxieneko soldata 35 aldiz (723 edo 45 dolar) igoko du Maduroren gobernuak.

Horrez gain, bolivarraren balioa aldatu egingo da eta "bolivar subirau" deitzera pasatuko da. Neurri honen xehetasunak ezezagunak diren arren, hainbat ekonomistek aurreikusi dute bolivarraren debaluazioa %95.8koa izango dela. Izan ere, dolarraren balioa 248.832 bolivar izatetik 6.000.000 izatera igaroko da.

Proposamen hauek guztiak gaitzetsi dituzte PJ, VP, Causa R eta oposizioko beste hainbat alderdik, krisi venezuelarrak okerrerago egingo duelakoan.

Julio Borges Parlamentuko presidente ohiaren alderdiaren arabera (PJ), gutxieneko soldataren igoerak, azken 20 urteotan egin den handienak, langabeziaren gorakada eta jendearen erosahalmena murriztea ekarriko du.

PJ alderdiko kideek prentsaurrekoan adierazi dutenez, Maduroren neurriak “irrazionalak, kontraesankorrak eta bideraezinak dira eta Venezuelako kaosa eta krisi ekonomiko larria handituko dute”.

Bestalde, Leopoldo López espetxeratuaren alderdiak, Voluntad Popularrek, neurri ekonomiko berriek venezuelarrengan “sufrimendua eta sumin handiagoa” ekarriko dutela uste du. “Estatuak ez dauka ordaintzeko modurik” eta “milaka enpresak itxi beharko dute, milaka lagun langabezian utzita”, adierazi dute.

Aipatutako berrikuntzez gain, Gobernu venezuelarrak prezio sistema berria ezartzeko asmoa agertu du. Izan ere, Maduroren esanetan, egungo prezioak “dolarizatuta” edo benetako prezioa baino % 10.000 gainetik daude.

Jorge Rodriguez Komunikazio ministroaren arabera, aldaketek ez dute prezioen igoera ekarriko, Banku Zentralak araututako aldaketa sistema bakarra izango baita. Gainera, sistema berriak “dolar kriminalaren betirako desagerpena” ekarriko duela azpimarratu du. Aldaketa horren baitan, Rodriguezek aurreratu du venezuelarrek dirua arazorik gabe aldatzeko 300 frankizia irekiko dituztela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaurko azken orduko albistea Venezuela albisteak Nicolás Maduro