Mundua -
Krisi politikoa
Tunisiak sei hilabeteko epea iragarri du hauteskundeak deitzeko
'Batasunaren Gobernu berria' aurkeztu du Tunisiako lehen ministroak. Gutxienez 78 lagun hil dira protestak hasi zirenetik.
Erredakzioa
Gaur aurkeztu dute Tunisiako lehen ministroak eta oposizioak adostutako Gobernu berria, eta posizioko hiru liderrek ministerio bana izango dutela jakinarazi dute. Bestalde, presidente ohiaren Gobernuko bi ministrok karguan jarraituko dute.
Protesta eta indarkeria giroa hasi zenetik gutxienez 78 lagun hil direla jakinarazi du Ahmed Fria Tunisiako Barne ministroak.
Bestalde, joan den abenduaren 17an protestak hasi zirenetik 94 lagun zauritu dira.
Egoera bideratzea da lehentasuna agintarientzat eta horretarako lehenbailehen osatu behar dute Gobernua. Fuad Mebazaak presidente kargua hartu zuenetik hasi ziren negoziazioak eta gaur amaituko dira, Gobernu berria nortzuk osatuko duten jakinarazita.
Legezko oposizioa osatu duten hiru alderdietako liderrek kargu bana izango dute eta orain arteko bi ministrok euren tokian jarraituko dute. Legezkoa ez den oposizioak zein toki izango duen ikusteke dago.
Egoera baretzea lortzen badute, bigarren egitekoa hauteskundeak deitzea izango da. Legeak dio, berez, bi hilabeteko epean deitu behar dituztela, baina lehen ministroak sei hilabeteko epea iragarri du, oposizioak kanpaina prestatzeko denbora izan dezan.
Baina Tunisian bakarrik ez, ikusteke dago Magrebeko gainerako herrialdeetan zein eragin izango duen errebolta arrakastatsu honek. Izan ere, Jordanian milatik gora lagunek egin dute protesta Parlamentu aurrean Tunisia eredu hartuta.
Aurkezpenean zehar egin dituen adierazpenetan, Gannouchik esan du Gobernu berria "batasunaren Gobernua" izango dela.
Lehen ministroak iragarri du libre aterako dituela preso politikoak, Tunisian.
Urrearen lapurketa
Frantziako Le Monde egunkariaren arabera, Leila Trabelsi-k Ben Ali presidente ohiaren emazteak herrialdeko Banku Zentralera joan eta tona eta erdi urre hartu zuen bere senarrarekin batera Saudi Arabiara abiatu aurretik. Urre horrek 45 milioi euroko balioa du.
Sarkozyren Gobernuak agindu du Ben Alik Frantzian dituen ondasunak ikertuko dituela.