Mundua -
Chemnitz hirian
Gutxienez 18 zauritu eskuin muturreko eta faxisten aurkako martxetan, Alemanian
Manifestari xenofoboen eta antifaxisten arteko istiluak izan dira kalean, eta Poliziak esku hartu behar izan du. 1.800 agente inguru zabaldu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
6.000 alemaniarrek, Poliziaren zenbaketen arabera, bat egin dute Chemnitz hirian AfD Alemaniarako Alternatiba eskuin muturreko alderdiak deitutako martxa isilarekin, duela astebete ustez bi etorkinek herritar bat hil ostean, Alemaniako tokiko komunikabideek jakitera eman dutenez.
Poliziaren arabera, gutxienez 18 lagun zauritu dira eskuin muturreko eta faxisten aurkako martxetan.
17:00ak pasata (15:00etan GMT orduan) abiatu da martxa, segurtasun neurri handien artean (1.800 agente zabaldu dituzte).
Mendebaldea Islamiartzearen aurkako Europako Patriotak (Pegida) mugimendu xenofoboak eta Pro Chemnitz eskuin muturreko elkarteak ere babestu dute deialdia.
"Indarrez Alemania kulturanitza bihurtzearen ondorioz hildako herritarrak" gogora ekarri nahi izan ditu larunbat honetako manifestazioak. Euren "samina adierazteko, eta legez kanpoko migratzaile-politika" salatzeko, "beltzez jantzita" eta pankartarik gabe izan dira martxan, bakarrik Alemaniako banderak eta arrosa zuriak eramanda.
Gainera, "Gu herria gara", "Aske, soziala, nazionala", "Erresistentzia", "Atzerritarrak kanpora" eta "Prentsa gezurtia" bezalako oihuak izan dira entzungai.
Eskuin muturreko martxaren irudia. Argazkia: EFE
Bestalde, etorkinei babesa adierazteko hainbat kontramanifestazio izan dira leku berean. Horietako handiena 70 bat elkartek antolatu dute, "Gorrotoaren ordez, bihotza" lemapean, eta horrekin bat egin dute zenbait alderdi politikok, tartean, Alderdi Sozialdemokratak (SPD), Berdeek eta Ezkerrak. Manifestazio hartan 3.500 lagun inguru batu dira, Poliziaren arabera, eta zenbait lelo izan dira entzungai, hala nola, "Naziak kanpora", eta "Zuek gerra galdu zenuten".
Poliziak operatibo handia zabaldu du hirian, baina bi aldeetako kide biolentoenek kale-liskarrak eragin dituzte, objektuak botata, uneoro elkarri mehatxuka. "Tentsioz beteriko guneak daude Chemnitzen. Gure operatiboak esku hartu behar izan du behin baino gehiagotan", azaldu du Saxoniako Poliziak Twitter bidez.
Orduek aurrera egin ahala, tentsioa areagotu da, eta eskuin muturreko martxak ezin izan du ibilbidea amatu. Azkenean, bi aldeak aurrez aurre jarri dira plaza batean, eta Poliziak esku hartu behar izan du.