Mundua -
Krisi politikoa
Tunisiako Gobernu berriko hiru ministrok dimititu egin dute
Tunisiako Gobernuaren egonkortasuna kolokan da. Lurraldeko sindikatu indartsuenak eskainitako hiru ministeritzari uko egin die. Ez daude ados Ben Aliren erregimeneko kide batzuen jarraipenarekin.
Erredakzioa
Tunisiako Langileen Batasunak (UGTT), lurraldeko sindikatu nagusiak, jakinarazi du ez dituela Gobernu berria osatzeko eskainitako hiru ministeritzak beteko, halaxe iragarri du estatuko telebistan egindako adierazpen batzuetan.
UGTTko buruzagiak , Abid al Brikik, esan du Gobernu berrian Zine al Abidine Ben Ali presidente ohiaren alderdiko kide batzuk sartzearekin ados ez daudelako hartu dutela erabakia. UGT T sindikatuak diktaduraren erregimenarekin amaitu duen iraultzan indar handia izan du.
Mohamed Ghanuchi, Lehen Ministroak, atzo iragarri zuen Gobernuan, Ben Aliren garaiko ordezkari batzuk egongo zirela, eta haiekin batera oposizioko kide batzuek eta sindikatu nagusiko hiru ordezkarik osatuko zutela gobernu berria.
Manifestazioak
Gobernu berriaren aurkako ohiuak nagusitzen ari dira kalean. Tunisiako Poliziak gas negar-eragileekin sakabanatu ditu manifestazio batzuk hiriburuan.
Oposizioko ehunka kidek eta sindikalistek modu baketsuan egin dute protesta goizean. "Gobernu berria iruzur bat da, heriotzak eragin dituen iraultzari irain egin diote", adierazi du protestan parte hartu duen ikasle batek.
Justizia
Lehen ministroak, Mohamed Ghanuchik, atzo argitu zuen Gobernu berria nortzuk osatuko duten. Ben Aliren erregimeneko hainbat ordezkari daude eta&' || 'nbsp; hauekin batera legezko oposizioko ordezkari batzuk.
Ben Alik joan den ostiralean utzi zuen kargua, 23 urteko diktaduraren ostean, hiritarren matxinadak eraginda alde egin zuen boteretik. Liskarretan, azken datu ofizialen arabera, 78 pertsona hil dira.