Mundua -
Goi-bilera Washingtonen
Hu Jintao: 'Giza eskubideak gehiago landu behar ditu Txinak'
Giza eskubideak errespetatzea iradoki dio Obamak Hu Jintao Txinako presidenteari, Etxe Zuriko harrera ekitaldian. 33.000 milioi euroko kontratu komertziala itxi dute bi herrialdeek.
Erredakzioa
Hu Jintao Txinako presidentearen hitzetan, "erronka asko ditugu eta asko falta zaigu giza eskubideen arloan egiteko", baina "aurrepausu handiak" eman dituztela adierazi du.
Hu jintao ohore guztiekin hartu dute Etxe Zurian. Txinako presidenteak lau eguneko bisita ofizialari ekin dio horrela. Bi potentzien arteko elkarlana bideratzeko bidaia izango da.
Giza eskubideak errespetatzea iradoki dio Obamak Hu Jintao Txinako presidenteari Etxe Zuriko harrera ekitaldian. Tibeten aferari dagokionez edo arlo ekonomikoan bi potentzien arteko adostasun eza handiak diren arren, lasaitasun mezua igorri nahi izan dute.
Obamak bere hitzaldian argi utzi du interes handia dutela batak bestearen arrakastan eta munduko ekonomia handienek asko dutela irabazteko euren elkarlanetik.
"Elkarri lotutako munduan, ekonomia orokor batean, gu bezalako herrialdeak aberatsagoak eta seguruagoak izango gara elkarrekin lan eginda"; horrela mintzatu da Estatu Batuetako presidentea.
Obamak keinu bat egin die, Txinan oinarrizko eskubideak betetzen ez direla salatzen dutenei, eta giza eskubideak errespetatzen direnean, herrialdeak arrakastatsuagoak direla gaineratu du.
Hu Jintaok, bere aldetik, esan du elkarrenganako konfiantza sakontzera, laguntasuna bultzatzera eta bi herrien arteko elkarlana eta harreman positiboa handitzera joan dela.
Akordio ekonomikoak Gaur 33.000 milioi euroko kontratu komertziala itxi dute bi herrialdeek.