Mundua -
Protestak
Ia 800 atxilotu Errusian, erretiro adina atzeratzearen aurkako protestetan
Manifestazioak eta protestak debekatuta daude gaur, udal eta eskualde hauteskundeak direlako.
agentziak | erredakzioa
Ia 800 pertsona atxilotu dituzte Errusiako 19 hiritan erretiro adina atzeratzearen aurka egindako protestetan, izan ere, hauteskunde eguna da bertan, eta debekatuta daude protestak eta manifestazioak. Udal eta eskualde hauteskundeak egiten ari dira gaur Errusian.
Lehenengo manifestazioak, ordutegiagatik, ekialdean izan dira, Moskutik 4.400 bat kilometrora, Ulan-Aden, eta manifestariak globo gorriekin atera dira Poliziaren zaintzapean.
80tik gora hiritan zeuden deituta mobilizazioak, tartean Moskun. Han, 2.000 pertsona inguru elkartu dira Pushkin plazan, nahiz eta manifestazioak baimenik ez izan. "Errusia librea izango da" eta "Putin lapurra da" oihukatu dute, besteak beste, bertaratutakoek.
Poliziak protesta desegiteko eskatu die, atxilotzeko mehatxupean, baina manifestariak hirian zehar joan dira manifestazioa egiten, eta segurtasun indarren hesiek geldiarazi eta atxiloketak hasi dira.
Pentsioen erreformaren aurkako mugimenduak Alderdi Komunistaren eta Alexei Navalni manifestazioen legea urratzeagatik preso dagoen oposizioko buruzagiaren babesa du.
Aurreko abuztuaren 29an Putinek iragarri zuen ekainaren 14an aurkeztutako pentsioen erreforma aldatuko zuela, baina azpimarratu zuen "finantziazio beharra" zegoela eta ulermena erakutsi behar zutela errusiarrek.
Hasierako proposamenean 55 urtetik 63ra igo nahi zuen emakumeen erretiro adina, baina Putinek igoera 60 urtean uztea proposatu zuen. Gizonen kasuan, berriz, ez zuen aldaketarik iragarri, eta 60tik 65era igotzeari eusten dio. Errusian 66 urtekoa da gizonezkoen bizi-itxaropena, eta 77 urtekoa emakumeena.
Erreformaren aurkako mobilizazioek eragina izan dezakete gaur egiten ari diren hauteskundeetako parte-hartzean. 65 milioi errusiar daude bozetan parte hartzera deituta 22 gobernadore, 16 parlamentari eta alkateak aukeratzeko.