Mundua -
Urakana
Milioi bat pertsona ebakuatzeko agindu dute Hego Carolinan, 'Florence' urakanagatik
Ekaitzak lurra ukitzen duenean “urakan oso arriskutsua” izango da. Virginia, Ipar Carolina eta Hego Carolinako gobernadoreek larrialdi egoera ezarri dute dagoeneko.
Agentziak | Erredakzioa
Hego Carolinako agintariek milioi bat pertsona ebakuatzeko agindua eman dute 'Florence' urakanaren iritsiera tarteko. Aurreikuspenen arabera, ostegunean ukituko du lurra.
"Ez dugu Hego Carolinan bizitza bat ere arriskuan jarriko", esan du Henry McMaster Hego Carolinako gobernadoreak prentsaurrekoan. Estimazioak estimazio, ebakuazioek milioi bat pertsonari eragingo diela gaineratu du.
Ipar Carolinan, bestalde, Outer Banks koralezko arrezifean, uharteetako etxebizitzak husteko aurreneko aginduak eman dituzte bertako agintariek astelehen honetan. 250.000 pertsona inguru ebakuatuko dituzte bertan. Astearteko 07:00etan zonaldea ebakuaturik egon behar da, Dare konderriko Larrialdi Zerbitzuek agiri ofizial batean azaldu dutenez.
Donald Trump AEBko presidenteak bertan behera utzi du ostiralean Mississippin egitekoa zuen ekitaldi ofiziala. Aurrekoan, 'Maria' urakanak Puerto Rico astindu zuenean, kritika gogorrak jaso zituen, ohiko bizimodua egin zuelako, larrialdi egoerari aparteko kasurik egin gabe.
Armadak 750 militar bidali ditu Ipar Carolinako Raleigh hirira. Itsas Armadak, ostera, 30 ontzi bidali ditu itsas zabalera, kalteak saihesteko.
Astelehen goizean, bertan 11:00ak zirenean, ekaitzak 185 kilometro orduko haize-ufadak zituen. Ondorioz, urakanak 4. kategoria harrapatu du Saffir-Simpson eskalan, AEBko Meteorologia Zerbitzu Nazionalak jakitera eman duenez.
Ekaitzak lurra ukitzen duenean "urakan oso arriskutsua" izango dela ohartarazi du abisuak.
Urakanaren ufadak asteazken gauean hasiko dira kostaldea astintzen, eta ekaitzak ostegunean ukituko du lurra, eta euri-jasa handiak eta uholdeak eragingo ditu AEBko hego-ekialdean, Urakanen Zentro Nazionalak ohartarazi duenez.
Virginia, Ipar Carolina eta Hego Carolinako gobernadoreek larrialdi egoera ezarri dute dagoeneko. Olatu handiei eta korronte arriskutsuei aurre egiteko, ondo prestatzeko eskatu die Ray Cooper Ipar Carolinako gobernadoreak herritarrei.