Mundua -

Asteazkenetik

Duvalier Haitiko diktadore ohia desagertuta dago

Zurrumurruek diotenez, Haititik atera egin da ostegunean Europako herrialde batera joateko hegazkin txartela zuelako. Azken orduetan, gainera, kpargu berri bat leporatu diote: esklabuak saldu izana.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean Claude Duvalier (1971-1986) Haitiko diktadore ohia eta ‘Baby Doc’ ezizenaz ezaguna, leku ezezagunen batean da asteazkenetik. Igandean Haitira itzuli zenetik Puerto Principeko Caribbean hotelean zegoen familiarekin. Tokiko hedabideek irla utzi duela diote, baina Duvalierren abokatuek informazio hori ezeztatu dute.

Lehen informazioen arabera, presidente ohiak hotela atzeko atetik utzi zuen, Vernique Roy emazteak sarreran zeuden kazetarien atentzioa bereganatzen zuen bitartean. Hala ere, inork ez daki nora jo zuen.

Didier le Bret Frantziako enbaxadoreak jakitera eman duenez, Duvalierrek ostegunean Europara joateko hegazkin txartela zuen. Azken 25 urteak bertan igaro ditu, erbesteratuta. Horrek guztiak zurrumurruak piztu ditu.

Esklabuak saltzea egotzi diote

''Baby Doc'' igandean itzuli zen Haitira Martinikatik ateratako hegaldian. Ordutik ustelkeria, lapurreta, funts publikoen bidegabeko jabetza eta gizateriaren kontrako delituak egotzi dizkiote. Itzuleraren arrazoiak ez dira inoiz batere argi egon, baina politikan berriro sartzeko helburua zuela susmatzen zuten askok.

Gaineram, Errefuxiatuen eta Aberriratuen Aldeko Taldeak (GARR) Duvalier Haitiko herritarrak esklabu moduan saltzeagatik epaitu dezatela eskatu du. Esklabu horiek Dominikar Errepublikara saltzeagatik 1,48 milioi euro hartu zituen, ostiralean zabaldutako komunikatuaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea