Mundua -

Siriako gatazka

Siriako aire erasoen aurkako defentsak Israelen misilak gelditu ditu

SANA albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez, misilek Damascoko nazioarteko aireportua zuten jomugan.

Siria eta ISrael arteko muga. Argazkia: Efe
Siria eta ISrael arteko muga. Argazkia: Efe
Siria eta ISrael arteko muga. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako aire erasoen aurkako defentsak Israelek jaurtitako misilak gelditu ditu, Damascoko nazioarteko aireportura bidean zihoazenean, SANA albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Aipatu iturrien arabera, leherketak entzun dira Siriako hiriburuko nazioarteko aireportuaren inguruan. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak ere baieztatu egin du leherketak entzun direla aipatu lekuan.

Iragan irailaren 4an, Israelek jaurtitako bost misil gelditu zituzten Wadi Aiyun inguruan, Hama probintzian, hiriburutik iparraldera, SANAk jakitera eman zuenez.

Siriak behin baino gehiagotan leporatu dio Israeli misilekin eta hegazkinekin eraso egin izana, baina Israelgo agintariek ez dituzte auzoko herrialdean egindako ekintza militarrak baieztatu ohi.

Israel haserre dago mugaren beste aldean Irango soldaduak daudelako Bachar al Asad Siriako presidenteari laguntzen, Hizbula talde armatu libanoarrarekin batera.

Hilaren hasieran, Israelgo Armadako goi kargudun batek Times of Israel egunkarian esan zuen 200 bat aldiz egin diotela eraso Siriari azken urte eta erdian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Eguneko albisteak Israel Siria Ekialde Hurbila