Mundua -

Txostena

Venezuelan 'indarkeria armatu endemikoa' dagoela salatu du Amnistia Internazionalak

Amnistia Internazionalaren arabera, "Gobernuaren ekintzek eta politikak txirotasunean bizi diren gazteak hiltzen eta kriminalizatzen dituzte, eta horrek segurtasun eza areagotzen du".

Protestak, Venezuelan. Argazkia. EFE
Protestak, Venezuelan. Argazkia. EFE
Protestak, Venezuelan. Argazkia. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan "indarkeria armatu endemikoa" dagoela kritikatu du Amnistia Internazionalak. Hori horrela, Estatuak, epaiketaz kanpo, gero eta gazte gehiago hiltzen dituela salatu du aipatu erakundeak, indarkeria hori, bereziki, txirotasunean bizi diren gazteen aurkakoa dela erantsita.

"Gobernuaren ekintzek eta politikak txirotasunean bizi diren gazteak hiltzen eta kriminalizatzen dituzte, eta horrek segurtasun eza areagotzen du, baita herritarren etsipena ere", adierazi du Esteban Beltran AIk Espainian duen erakundeko zuzendariak, Buenos Airesen emandako prentsaurreko batean.

"Hau ez da bizitza: segurtasuna eta bizitza eskubidea Venezuelan" txostena aurkeztu du Beltranek, hain zuzen, Argentinako hiriburuan. "Errazen erasotzen diren herritarren kontra Estatuak erabilitako errepresioa eta eskubideen urraketa" ditu ardatz dokumentu horrek.

Hala, Beltranek berak esan du 2016an 21.752 hilketa izan zirela: horietatik % 55, 15 eta 30 urte bitarteko gazteen aurkakoak.

"Hiltzen dituzten gazteak leku txiroetan bizi dira, horregatik, etsaitzat eta gaizkiletzat hartzen ditu Gobernuak", azpimarratu du. "Horrekin segurtasun eza areagotzea lortu dute, izan ere, 2016an 65.000tik gora venezuelar izan ziren Estatuaren indarkeria armatuaren biktima", gaineratu du.

Ildo horretan, Amnistia Internazionalak zehaztu du 2016az geroztik 19 segurtasun ministro egon direla, eta horietatik 11 indar armatuetako kide izan direla. "Horrek guztiak atxiloketa bidegabeak, epaiketaz kanpoko hilketak eta behartutako desagertzeak ekarri ditu", Beltranen ustez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela