Mundua -
Ahvaz
Desfile militar batean egindako atentatu batek 25 hildako utzi ditu Iranen
Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak esan du erasoa "AEBek eskualdean babesten dituen erregimenen konspirazioa" dela.
agentziak | erredakzioa
Atentatu terrorista batek gutxienez 25 hildako eta 60 zauritu utzi dut desfile militar batean Ahvazen, Iran hego-ekialdean, eta Hasan Rohani presidenteak "erantzun bortitza" hitzeman du.
Ez dago argi nork egin duen atentatua. Estatu Islamikoa (EI) talde jihadistak hartu du bere gain Amaq propaganda agentzian, baina Irango Iraultzaren Zaindariek Alahvazie talde separatistari leporatu diote.
Lau ekintzailek, militarren jantziak soinean, tiro egin diete desfile militarrean zeuden Armadako eta Zaindarietako kideei, baina ikusleen kontra ere jo dute Kalashnikov fusilekin.
Kaos handia sortu da, eta hildako 25 lagunen artean militarrak eta zibilak daude, tartean emakumeak eta haurrak. Gobernuko ordezkariak, berriz, onik atera dira, Ali Hosein Hoseinzadeh Juzestan probintziako gobernadoreordeak jakinarazi duenez.
Ali Jamenei Irango buruzagi gorenak salatu du erasoa "AEBek eskualdean babesten dituen erregimenen konspirazioa" dela, Saudi Arabiari eta Pertsiako Golkoko beste herrialde batzuei erreferentzia eginez.
Azken eraso terrorista larriena 2017ko ekainean izan zen. Irango Parlamentuaren eta Jomeini imanaren mausoleoaren aurka egindako erasoan 17 lagun hil eta 50 zauritu zituzten, eta EIk hartu zuen beregain.