Mundua -
Batasunaren Egoera
Obamak demokraten eta errepublikanoen batasuna sustatu du
AEBetako presidenteak ekonomiari buruz hitz egin du batez ere, estatubatuarren kezka nagusia delako. "Bi aukera daude: elkarrekin aurrera egin edo aurrera ez egin", adierazi du Obamak.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak batasunerako deia egin die demokratei eta errepublikanoei ekonomia alorrean aurrera egin hala izateko, izan ere, "bi aukera daude: elkarrekin aurrera egin edo aurrera ez egin".
2012ko hauteskundeak jomugan eta inkesten arabera estatubatuarren kezka nagusia enplegua sortzea denez, Obamak ekonomiaz hitz egin du batez ere Batasunaren Egoerari buruz Kongresuan eman duen hitzaldian.
Hitzaldia tonu tristearekin hasi du, Tucsoneko hilketari (sei lagun hil zituzten eta Gabrielle Giffords kongresista larri zauritu) buruz hitz egin du, Giffordsen eserlekua hutsa zegoelarik.
Obamak tiroketa izan du hizpide errepublikanoei eta demokratei elkartasun deia helarazi aurretik.
"Bi aukera daude: elkarrekin aurrera egin edo aurrera ez egin", adierazi du presidente estatubatuarrak, izan ere, hilabete honetatik aurrera errepublikanoen esku geratu da Kongresua, beraz, "orain, gobernatzea biren ardura izango da".
Gainera, enplegua sortzea eta aurrekontuen defizita (1,3 bilio dolar) murriztea helburu izango duten proposamenak azaldu ditu.
Hori horrela, Zerga Kodearen erreforma proposatu du iruzurrak galarazteko eta beharrezkoak ez diren aurrekontuko gastuak, Defentsakoak izan ezik, bost urtez izoztea galdegin du. Horrekin 400.000 milio dolar aurrezteko asmoa du.
Energia garbiak
Bestalde, 2035erako elektrizitatearen % 80 energia garbien iturrietatik eskuratzeko helburua jarri du. Era berean, ibilgailu hibridoen kopurua ere biderkatzea nahi du.